Maketa lehiaketa deitu dute lehen aldiz Legution

Mirian Biteri 2017ko api. 29a, 07:06

Inguruan dagoeneko hainbat maketa lehiaketa egin dira.

Edozein musika taldek eman ahalko du izena maiatzaren 12a baino lehen; finala ekainaren 16an izango da.

Gazteen artean musika sustatzeko asmoarekin, maketa lehiaketa deitu du Legutioko Udalak. Talde parte-hartzaileek maiatzaren 12ra arte dute lehiaketak@legutio.eus helbidera mezua bidaltzeko aukera. Edozein musika estilo jorratzen duten taldeei dago zuzenduta lehiaketa, beti ere diskorik argitaratuta edo kontratu diskografikorik ez badute. Taldekideen erdiak 18 eta 35 urte bitartean izatea lehenetsiko da, eta bi talde baino gehiagotan parte hartzen ez duen inork izatea.

Izena ematerakoan legutio.eus atarian deskargatutako izen-emate orria eta taldeko hiru kantekin osatutako artxiboa aurkeztuko dira. Maiatzaren 26an aukeratutakoen iragarkia kaleratuko dute; eta, ekainaren 16an finalisten kontzertua izango da. Aukeratutako lau taldeek 40 minutuko zuzeneko emanaldia eskainiko dute.

Hiru abesti eta bideoklipa

Talderik onenak promoziorako materialaren grabaketa irabaziko du: hain justu ere, hiru abesti eta bideoklipa. Eta Legutioko jaietan talde nagusiaren aurretik ere joko du. Euskarazko kanturik onena ere sarituko da.

Musikako profesionalez eta udaleko pertsonal teknikoz osatutako epaimahaiak honako irizpideak izango ditu kontuan erabakiak hartzerako orduan: zehazki, musika taldeen pertsonalitatea, joaldiaren kalitatea eta moldaketan aberastasuna eta baita zuzenekoaren potentzialtasuna ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago