Ostegun Santuan, apirilaren 13an, Oletako Atxeta gaztandegia ezagutzeko aukera izango da. Maider Unda kirolari ohiak eta artzainak artaldea erakutsiko die bisitariei, eta gazta egiteko prozesua. Ez da dastatzerik faltako.
Hilaren 15ean, larunbatean, Baias garagardotegian izango da hitzordua. Gorbeia mendiguneko Baias errekatik hartutako urarekin artisau-lanaren bidez eginda dagoen garagardoari buruzko xehetasun guztiak jasoko dituzte Joselu Lopez eta Idoia Marañonen eskutik. Instalazioak ezagutu eta egiten diren garagardo mota ezberdinak dastatuko dituzte bertan.
Aramaioko Aldeko eztia
Pazko-bigarrenean, apirilaren 16an, Aramaioko Uribarri auzora joko du egitarauak. Juan Mari Arriolabengoak erlezain baten lana erakutsiko die bisitara hurbiltzen direnei. Erlauntzak gertutik ikusi ostean, Aldeko eztiaren erauzketa tailerrean jarraituko dute azalpenek. Gainerako bisitetan bezala, produktua bera ere probatuko ahalko dute.
Gorbeialdeko Kuadrillatik ohartarazi dute mugatua dela plaza kopurua eta, hortaz, aldez aurretik izena eman behar dela 945-43 04 40 telefono zenbakian edo turismo@gorbeialdea.eus helbide elektronikoan.
Lehen bi irteeretako sarrerak 8 euroan salduko dira; Atxeta gaztandegian doan sartuko dira 8 urte arteko neska-mutikoak. Aldeko eztiaren bisitagatik, berriz, 6 euro ordaindu beharko dituzte sei urtetik gorakoek.