20. Korrika

Korrika hasi eta hamar minutura sartuko da Arabara, Legutiotik

Mirian Biteri 2017ko mar. 29a, 10:16

Hiru bider bisitatuko du Korrikak Gorbeialdea; hori dela eta, apirilaren 8ra bitartean ekintza asko izango dira herri gehienetan.

Berezia da Korrika 20 Gorbeialdekoentzako Otxandion hasiko delako, eta herria utzi bezain pronto sartuko delako eskualdera, Legutiotik. Asko izango dira ostegunean bertan lasterketa hasierara hurbilduko direnak, eta beste asko, berriz, zain egongo dira, Korrika noiz helduko den irrikan.  

Bitartean, askotariko jarduerak gertatu dituzte herri gehienetan. Legution bertan, esaterako, Korrika Txikia egingo dute ostegunean, bazkalostean. Bestalde, aurtengo edizioa Aramaiotik pasako ez denez, Legutio eta Otxandio arteko errepidean hartu dute bertakoek kilometroa.

Ekintzak ez dira ostegunean amaituko. Martxoaren 31n, Korrika Txikia egingo dute arratsaldeko lehen orduan, Aramaion; eta jarraian, Korrika jaialdia, kiroldegian; herriko taldeek parte hartuko dute horretan.
Izarran, bestalde, Sardiniako brigadak hitzaldia izango da egun berean, Askapenaren eskutik, 19:30ean, kultura etxean.   Apirilaren 2an ere badago zeregin Urkabustaizen Korrika Goizaren inguruan: material salmenta, korrika simulakroa, talo tailerra, koreografia eta trikitilariak izango dira bertan.

Apirilaren 7an

Jakina denez, Gorbeialdetik hiru bider pasako da lasterketa; apirilaren 7ko goizaldean egingo du bigarren sartu irteera gurean. Egun horretan ere harrera beroa egingo diote lasterketari. Zigoitiak hartuko du lekukoa Ubidekoen eskutik, eta udalerria zeharkatu ostean, lehenengo Zuiarantz, eta, jarraian, Urkabustaiz aldera joko du lasterketak.

Korrika pasa ostean, gosaria izango dute prest Murgiako gaztetxean; eta goizean, etxeko txikienak izango dira korrikan aterako direnak. Urkabustaizen, aldiz, bazkalostean egingo dute Korrika txikia.   Eta arratsaldean, antzerkia. Aramaion, ostera, trikitixa emanaldia eskainiko dute herriko trikitilariek.  

Apirilaren 8an

Apirilaren 8an bisitatuko du hirugarrenez eskualdea. Gipuzkoako mugatik Landara sartuko da egun horretan, 15:00etan. Barrundiarako bidea hartuko du handik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide