Maiatzaren 7an izango dute burujabetzaren inguruko galdeketa Urkabustaizen

Mirian Biteri 2017ko mar. 24a, 10:37

Izarran jarriko dute hauteskunde-mahaia; beste herrietan aurretik eman ahalko da botoa.

Bertako Gure Esku Dagoko kide Iñaki Incerak azaldu du pasa den abenduan jarri zutela martxan prozesua. "Hasiera batean ez genuen galdeketa aurtengo maiatzean egiteko asmorik; udazkenerako edo 2018 urterako nahi genuen antolatzea", adierazi du Urkabustaizkoak. Baina, hilabete horretan egindako batzar irekian maiatzera aurreratzeko "aukera bazegoela" ikusi zuten; elkartea eratu eta kontsulta aurrera eraman ahal izateko izapide guztiak betetzeari ekin zioten.

Horrekin batera, Euskal Herriko gainerako herrietan bezala, erabakitzeko eskubidearen aldeko herri mugimendua udalerrian ezagutarazteko ekimenak antolatzen hasi ziren. Urtarrilaren 27an, esaterako, Gure Esku Dagoko bozeramaile Angel Oiarbide eta Dima herriko mugimenduko hiru ordezkari izan ziren Izarran, prozesuaren nondik norakoak azaltzen.  

Sinadurak ere batu dituzte galdeketa egin ahal izateko; pasa den asteazkenera arte ibili dira babesa jasotzen. Kasu honetan ere erraz gainditu dute legeak ezartzen duen kopurua; Urkabustaizen 109 herritar atxiki behar ziren, eta, Incerak jakinarazi du 300 inguru lortu dituztela. Bestalde, sinadurak batzearekin batera, talde argazkia ere atera dute. Eguraldiak larregi lagundu ez bazuen ere, asko izan ziren martxoaren 12an Izarrako plazan elkartu zirenak.  

Festa giroan

Maiatzaren 7ra bitartekoak zehazten dabiltza orain; asteazkenero elkartzen dira 18:30ean, Izarrako kultura etxean. Egitaraua zehazteke badute ere, galdeketa eguna jai giroan egiteko asmoa dutela aurreratu du, eta udalerriko talde ezberdinek ekimenak prestatzen dihardutela gaineratu du; Triskari dantza taldea, esaterako, emanaldi berezia eskaintzeko asmotan dabilela iragarri du.

Kontsultari dagokionez, Gure Esku Dagoko ordezkariak jakinarazi du maiatzaren 7an Izarran baino ez dela egongo hasiera batean bozkatzeko aukera. "Udalerria osatzen duten gainerako herri handienetara heltzeko asmoa ere badugu, baina boto aurreratuaren bidez. Egun batzuk lehenago joango gara horietara", nabarmendu du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide