Legutioko Udalak gazteekiko duen jarrera "onartezina" salatu dute

Mirian Biteri 2017ko ots. 7a, 10:33
Udalaren kontrako elkarretaratzea egin zuten larunbatean Legution. / M. Biteri

Lau langile kaleratu dituzte; hauek berriz ere hartzeko exijitu dute gazteek.

 

Zakartuta dago giroa Legution. Bertako gazte asanblada eta Udalaren artean piztutako liskarrak eragin du, hain justu, eztabaida.

Orain dela bizpahiru aste hasi zen guztia. "Igande batean, San Blas jaia prestatzeko bilera egin genuen. Euria ari zuen eta gazte asanbladak batzeko tokirik ez duenez, liburutegian elkartu ginen; ludotekan lan egiten dugunok giltza dugula aprobetxatuz. Alkatea etorri zen eta bota gintuen; joan aurretik, barkamena eskatu genion baimena eskatu barik lokala erabiltzeagatik". Jone Garaigordobil ludotekako langile eta gazte asanbladako hitzak dira horiek.

Hurrengo egunetan ludotekan lan egiten zuten bi begiraleen kaleratzea heldu zen; eta baita kiroldegian lanean zeuden beste bi gazteena ere. Lehenengoen kaleratze gutunean honakoa aipatzen zela jakinarazi du gazteak: "Udalak eskatu bezala zure kaleratzea erabakitzea beste erremediorik ez dugu izan". 

Kiroldegikoen kasuan, honako kritika egin dute gazteek: "Hasiera batean, enpresak abisua eman zien. Baina, handik astebetera, hauek ere kaleratu zituzten. Liburutegian egon zen batzarrean egon ziren biak; egia da bat kiroldegian egon behar zela bere lanpostuan; baina, bat baino ez, eta biak bota dituzte".

Hainbat kritika

Azkenaldian Udalak gazteekiko duen jarrera "onartezina eta arduragabea" dela azaldu dute gazteek. Kaleratzeez gain, beste hainbat adibide aipatu dituzte, hala nola, ikasketa garaian asteburuan liburutegia erabiltzeko aukera ez izatea edo herriko San Blas jaietan pilotalekua erabiltzeagatik orduko hamabost euro ordaindu behar izatea.  

Gertatutako guztiaren aurrean, pasa den larunbatean elkarretaratzea deitu zuen gazte asanbladak. Legutioar "guztiak" deitu zituen deialdia babestera. Pozik daude jasotako erantzunarekin, askotariko herritarrek parte hartu baitzuten horretan. Horrekin lotuta, iragarri dute "hau guztia" ez dela  protesta horrekin amaituko: "Ez da bidezkoa gazteekin egiten ari direna", jakinarazi du.

Udalaren oharra

Udala, beste alde batetik, ez dago ados gazte asanbladakoek esaten dutenarekin. Nekane Garaigordobil alkateak adierazi du urtarrilaren 15ean gertatutakoaren ondotik Eragintza kultur elkarteari –aisialdi zerbitzuko enpresa esleipenduna– eta Aiteko Management –kiroldegiko zaintzaile zerbitzuko enpresa esleipenduna– gertatutakoa jakinarazi zitzaiela, honako gogoeta idatziz: "Hauxe da, enpresa adjudikaziodun gisa jakinarazi behar dizuguna, intzidentzia larri honen inguruan iruditzen zaizkizun neurriak har ditzazun". Gaineratu du "inoiz ez dela eskatu" pertsona horiek kaleratzea.

Ikasketa garaian liburutegia erabiltzearen aukeraz esan du "ahal izan duen neurrian eta araudia betez" horren erabilera errazten saiatu dela, eta posible izan ez denean ordezko lokala eskaini duela.   

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide