Legutioko N240 errepidea hobetzeko adostutakoa ez duela bete leporatu dio EH Bilduk Diputazioari

Mirian Biteri 2017ko urt. 30a, 13:53
Legutioko sarrera. / M. Biteri

Mozioa aurkeztu du Batzar Nagusietan datozen sei hilabeteotan plan bat aurkezteko eta ordutegi zehatzean ibilgailu astunak debekatzeko.

 

Legutioko N240 errepidean dauden arazoak konpontzeko iazko martxoan onartutako mozioaren betetze maila "guztiz etsigarritzat" jo du EH Bilduk. "Batetik, Diputatua ez zen gauza izan irmotasunez adierazteko Foru Gobernuak lurraldeko errepide egitasmo berritik ezabatuko duela Legutio udalerrian autobide-saihesbide berria egiteko edozein proiektu. Bestetik, Zabalain auzoko sarreran neurri aringarri multzo hutsa jarri dutelako, konponbide osoa eman beharrean. Azkenik, ekintza plan bat egin beharrean, hainbat hipotesi zerrendatu baino ez du egin eta ez da ausartu ezta bere proposamena zen den argitzen ere”, azpimarratu du EH Bilduko batzarkide Iñaki Ullibarrik.

Hori kontuan izanda, EH Bilduk mozio berria aurkeztu du eztabaidatzeko. Bertan, eskatzen dio Foru Gobernuari behin betiko baztertu dezala Legutio udalerrian zehar autobide-saihesbide berri bat egiteko proiektua. Horrez gain, ekainaren 30a baino lehen Zabalain auzorako ekintza plan bat aurkeztu desala exijitu dio.

Azkenik, eskatzen zaio N240 errepidean Bizkaiko mugatik Zabalain auzoraino doan tartean, II. motako ibilgailu astunen trafikoa 07:00etatik 09:00ak arte eta 15:00etatik 19:00ak arte debekatzeko prozedura martxan jar dezala, txosten teknikoan jasota dagoen bezala.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide