Gorbeialdeak aho batez onartu ditu aurrekontuak

Erredakzioa 2017ko urtarrilaren 26a

Murgiako Udala.

EH Bildu, EAJ eta Independienteen babesa izan du 1.136.774 euroko aurrekontuak.

Gorbeialdeko Kuadrillako batzordeak 2017rako aurrekontuak onartu ditu. Aho batez atera ziren aurrera, hau da, EH Bildu, EAJ eta Independienteen babesarekin. Guztira, 1.136.774,02 euro izango ditu Gorbeialdeko Kuadrillak 2017an.

Iazko aurrekontuekin alderatuta, berrikuntzen artean berdintasun teknikari baten kontratazioa aurkitzen da. Arabako Batzar Nagusietan EAJ eta EH Bildu alderdiek lortutako akordioari esker, kontratazio hau posiblea izango da. Teknikariarekin batera, beste 12.000 euro aurreikusi dira udalerriek sentsibilizazio jarduerak eta beste motako tresnak finantzatzeko. Berdintasun teknikariekin batera, euskara eta ingurumen teknikariek jarraituko dute.

Era berean, eskualdeko turismoa sustatzeko, ekonomia berpizteko eta kultura bultzatzeko lanean jarraituko du Gorbeialdeko Kuadrillak. Azkenik, euskara jarduerak finantzatzeko aurrekontua handitu da eta 15.000 eurokoa izango da aurten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago