"Ezinbestekoa da daukagun altxorra transmititzea"

Mirian Biteri 2016ko abe. 8a, 07:45

Bitorianoko Marisa Urkiza ezaguna da Zuia aldean euskararen alde egindako lanagatik; gau eskolan, Mintzalagun eta Bidabarrin ibili da, besteak beste.

Zer da euskara zuretzat?
Niretzat euskara ez da gure herriaren hizkuntza bakarrik, euskarak herria egiten du, euskarak aberastu egiten gaitu, euskarak gure herria ezagutzeko eta maitatzeko aukera ematen du. Hizkuntza bat baino askoz gehiago da, niretzat ezinbesteko erronka da gure arbasoek zeukaten hizkuntza berreskuratzea eta daukagun altxorra transmititu ahal izatea. Gainera, nik zorte handia daukat eta nire lanbidean egunero egin dezaket ekarpenen bat transmisioan gure nortasuna berreskuratu ahal izateko.   

Hemezortzi urterekin hasi zinen euskara ikasten.
Hala da, Gasteizen. Sekulako aurkikuntza izan zen niretzat, mundu berri bat ireki zitzaidan eta geroztik saiatu naiz beti nik jaso nuena transmititzen. Altxor hau ez dut niretzako bakarrik, konpartitu nahi dut eta nik sentitu nuena besteei sentiarazi nahiko nieke.

Orduz geroztik, buru-belarri zabiltza euskalgintzan. Esate baterako, Zuia-Urkabustaiz gau eskolan ibilia zara. Zelan gogoratzen dituzu garai horiek?  
1979an sortu zen gau eskola. Jendea behar zen klaseak emateko eta laster ikasle eta irakasle bihurtu nintzen. Oparoak izan ziren 1992 eta 1997 bitarteko ikasturteak: Zuian lau eta bost talde batera egon ziren. Egun, Zuian, Urkabustaizen eta Zigoitian ditu taldeak eta Zuian jende pilo euskalduna da horri esker.

Bidabarri elkarteak ere meritua izango du horretan...
Bai. 2003an sortu genuen euskal kultur elkartea. Garai hartan Egunkaria itxi zuten eta euskaltzale batzuk bildu ginen gure elkartasuna adierazteko eta sinadurak lortzeko. Ikusi genuen euskara talde baten beharra geneukala herrian euskara bultzatzeko eta ekintzak antolatzeko. Merkataritza plana aurkeztu genuen Udalean eta zenbait ekintza antolatzeari ekin genion: taloterapia, umeentzako tailerrak inauterietan, ipuin lehiaketa, bizikleta martxak eta Zuia Euskaraz eta Kultur Astea, gau eskolarekin batera. 2008an, Udalean Euskara batzordea eratu zen, eta, handik gutxira, Kuadrillan ere Euskara teknikaria kontratatu zuten eta elkarlanean lan egiten hasi ginen. Baina, 2014an desegin zen elkartea, garai batean betetzen zuen funtzioa Udalak eta Kuadrillak betetzen duelako.

Dena den, Bidabarri izena ez da galdu...
Ez. Dantza taldeak hartu zuen eta. Gaur egun sendo eta indartsu mantentzen da eta euskaraz antolatzen diren ekintzetan parte hartzen du.

Amaitu aurretik, nola ikusten duzu euskara Zuia aldean?
Euskararen presentzia gero eta handiagoa da. Horretan eragin zuzena izan du 2010ean sortutako Mintzalagun taldeak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide