"Txistulari barik, Lagun Artea dantza taldea ez da ezer"

Mirian Biteri 2016ko urr. 20a, 10:06

Aramaioko Lagun Artea dantza taldeak 60 urte bete ditu aurten, eta, hori dela eta, ospakizun handia egin zuten zapatuan. Ainara Inuntziaga kideak festa eta taldearen ibilibidearen berri eman du.

Nola sortu zen Lagun Artea dantza taldea?
Ramon Ormaetxearen eskutik. Bizente Goikoetxea jaio zen etxe berean jaio zen bera ere. Urte batean abade bati agurra egiteko dantzari talde bat elkartzea pentsatu zuen. Mutil taldea elkartu zen dantza egiteko. Horrek aurrera egin behar zuela ikusi zuten egun horretan, eta aurrera aurrera, gaur arte.

Nolakoa izan da bilakaera?
Gorabeherak izan ditu, baina indartsu egon da. Beti egon da jende piloa; hasieran, mutil askorekin, eta urteak aurrera pasa ahala, horien kopurua jaisten joan zen. Aramaion beti izan da dantzarena nesken gauza, eta orain hasi dira berriro ere mutilak animatzen.

Urriaren amaieran jubilatuen eguna ospatzen da Aramaion, eta egun horren bueltan, iazko irailean lortu genuen 6 eta 9 urte arteko mutilen taldea osatzea dantza egiteko. Egunean bertan etorri zitzaizkigun mutil gazteak esaten izena ematea gura zutela. Aurten, taldearen urteurrenaren eguna dela eta ere, gora egin du mutilen kopuruak.

Zenbatek osatzen duzue gaur egun Lagun Artea?
Ikasturtea oraindik hasi barik dago. Jubilatuen egunaren ostean emango diogu hasiera, asteroko entseguekin. Iaz, sei talde ibili ginen; gehienak, zortzi lagunez osatuta, baina badaude gehiago dituztenak ere; esaterako, emakumeena. Adinari dagokionez, lau urterekin hasten dira eta ez dago bukaerarik. Gura duena etorri daiteke.

Urteurrenaren bueltan, egun osoko festa egin zenuten pasa den zapatuan. Zelan joan zen eguna?
Oso ondo. Plazan hasi ginen eguerdian dantza egiten; Goiko taberna parean, beste bi dantzaldi, eta jarraian, kiroldegira joan ginen. Bertan egin ziren ekitaldi nagusienak. Zuraideko Alaiki dantza taldekoak egon ziren. Aramaio eta Zuraide anaituta daude, eta gonbidatu genituen

Omenduak ere izan ziren urteurrenean..
Bai, hala da. Bixente Mondragon eta Joakin, Patxi eta Juan Joxe Aiastui txistulariak. Orain arte, urtero egon dira ospakizun guztietan; edozer gauza zegoenean eurak zeuden. Aurtengo jaietan, sorpresaz harrapatu gintuen, ostiralean kalejiran atera behar ginenean, erretiratuta zeudela esan zigutenean. Omenaldirik egiteko aukerarik ez ziguten eman. Jaietan, dantza taldearekin batera bota zuten pregoia; eta guk eurentzako omenaldia prestatu nahi genuen. Eurak barik, dantza taldea ez da ezer. Omenaldiaren ondotik, mahaian elkartu ginen 100 lagunetik gora.

Zapatukoa ez da egunotan egin duzuen ekintza bakarra izan...
Hala da. Urriaren 11n, Ane Albisuk baserritarren jantzien gaineko hitzaldia eskaini zuen. Oso interesgarria izan zen. Askoren txipa aldatu zuen berbaldiak, eta zapatuan asko ahalegindu ziren behar bezala jantzita ateratzen.   

60 urte igaro dira. Jarraitzeko gogotsu al dago taldea?  
Bai, noski. Zalantzarik ez izan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide