Indusketak egingo dituzte aurten ere Aramaioko Murugain mendian

Mirian Biteri 2016ko ira. 16a, 07:00

Azken urteotako ohiturari jarraituz, indusketak egingo dituzte urrian Aramaioko Murugain mendiaren magalean; Burdin Aroko herrixkan sakondu nahi dute aurtengo kanpainan.

Dagoeneko bost urte pasa dira Aramaioko Murugain mendian indusketa arkeologikoak egiten hasi zirenetik. Arabako Arkeologia Institutua eta Aramaioko Udalaren arteko elkarlanari esker eman zieten hasiera horiei.
Indusketetako zuzendaria den Etor Telleriaren esanetan, hasieratik ikusi zen ikerketak eta lekuak berak aukera arkeologiko eta kultural "oparoak" eskaintzen zituela. Horren harira, honakoa esan du arkeologoak: "Udala jarri zen kontaktuan Ondare Babesa enpresarekin; baietz esan genuen, gure arreta pizten duen udalerria zelako. Ondare aldetik oso aberatsa da Aramaio".  

Murugainen inguruan, egitasmo integrala egin zuen Ondare Babesak. Hainbat fasetan dago hori banatuta: "Helburua ikerketa historiko-arkeologikoa da, eta azaleratutako egituren birgaitze prozesua ere proposatzen du. Hori guztia, ingurunea ezagutaraztera bideratuta dago", azaldu du Telleriak.

Burdin Aroko herrixka

Aurretik eginda zeuden azterketak kontuan izanda, bi izan dira Murugainen jorratu diren ikerketa lerroak: Burdin Aroa eta Espainiako Gerra. Azken horren harira, Telleriak gogorarazi du mendi tontorrean telefonia antenak jarri zituztenean Aranzadi elkartekoak ibili zirela bertan lan egiten, eta garai horretan agertu zirela "lehen zantzuak". "Indusketak egiten sartu aurretik, lehendik ere bagenekien Burdin Aroko herrixka eta Gerra Zibileko lubakiak zeudela", gogorarazi du.  

2011n egindako lehen kanpaina horretan, 130 metro koadro ireki ziren, eta Burdin Aroko herrixkaren barnealdea eta harresiaz gain, honekiko lerraduran doazen lubakiak ere indusi ziren.

Bigarren urtean, lubaki lerroaren biragunea eta kontserbazio egoera hobean zegoen harresiaren beste zatia indusi ziren. Azken horri esker ezagutu ahal izan ziren gotorleku hori eraikitzeko erabilitako teknikak, eta herrixka barruan aurkitutako lurrontzi zatiak eta harrizko materialek ere bizilekuaren berri eman dute, oraindik etxebizitza egitura jakinik aurkitu ez bada ere. Bestalde, lubakien indusketek ere arkeologia materialaren aurkikuntza ekarri zuten: gerra materiala, metalezko gaiak eta baita milizianoen elementu pertsonalak ere.

Indusketekin batera, proiektuaren aurkezpena eta emaitzen zabalkunde lanak egin zituzten hitzaldien bidez. Hasieratik erabaki zen egitasmoa "irekia" zela, eta horren bueltan, hainbat jarduera antolatu ziren. 2011n, esaterako, inguruko mendietara miaketa irteerak egin ziren lubakien bila. 2012an, berriz, auzolandegiak antolatu ziren.

Arrasate eta Aretxabaleta  

Krisi ekonomikoak eraginda, 2013an ez zen mugimendurik izan Murugainen. Bada, 2014an indartsu itzuli zen egitasmoa; izan ere, ingurunea osatzen duten beste bi udalerri eta Gipuzkoako Diputazioa hasi ziren proiektuan parte hartzen.  

Hori dela eta, lan egiteko eremua handitu egin zen, eta Arrasate eta  Aretxabaleta aldean lubaki lerro berriak indusi ziren eta harresiaren inguruko informazioa ere jaso ahal izan zuten.

2015ean, bi zatitan egin zen lan: Arrasate aldean, batetik; eta Arabako eremuan, bestetik. Azken honetan, babeslekua osotasunean atera zen, komunikazio lubakiarekin nola lotzen eta egituratzen zen ulertzen lagunduz. Auzolandegiak ere antolatu ziren pasa den urtean.

Aurtengo kanpainaren bidez aurreko urteotako lanei jarraipena eman nahi diete. "Azken urteotako indusketetan Gerra Zibilak izan du protagonismo gehiago Burdin Aroak baino. Herrixkaren aztarnaren bila joaten garen bakoitzean, Gerra Zibila agertzen da".

Hori dela eta, aurten Burdin Aroko "zantzuak" bilatuko dituzte bereziki.  Horren inguruan, zera dio Telleriak: "Zantzu solteak badaude, hala nola, zeramika zatiak eta harrizko tresneria. Ezer garbirik, ordea, ez".  

Elkarrizketa:

Murugain mendian egiten diharduten indusketen zuzendari Etor Telleriak aurtengo kanpainaren berri eman du datozen lerroetan.

Zein da aurtengo indusketen helburua?
Burdin Aroko herrixkari erreparatuko diogu bereziki. Lehendik ere lokalizatuta ditugun aztarnei jarraituz, alderik lauenean zundaketa sarea egingo dugu; sei zundaketa, bata bestearen ondoan. Burdin Aroa bai, baina horrek ez du esan nahi Gerra Zibila utziko dugunik, beti agertzen dira eta sorpresak.

Noiz hasiko zarete lanean?
Urriaren 3an. Betiko moduan, hilabete osoa emango dugu han.

Nola egiten duzue lan?
Astean zehar Ondare Babesako arkeologo taldea dago; eta asteburuan auzolandegiak egiten dira. Herritarrek aukera dute horietan parte hartzeko. 2012an hasi ginen auzolandegia egiten eta harrera ona izan zuten; oso esperientzia positiboa da.

Nolakoak dira auzolandegiak?
Arkeologoak daude bertan egiten dena gainbegiratzen. Jendea, dena dela, kontu handiz ibiltzen da; kontuan hartu behar da eskuz egiten dela lan. Ez da prestakuntzarik behar; gogotsu datoz eta badakite kontu handiz egin behar dutela lan, eta adi ere egon behar direla. Guk lan non egin behar duten esaten diegu, eta aurreko egunetan lan eremua prestatzen dugu. Lan egin ostean, hamaiketakoa ere egiten da; giro ona sortzen da.  

Noiz izango dira?
Oraindik zehazteke ditugu. Baina, pasa den urteotan bezala, larunbatetan izango dira; bizpahiru auzolan egingo ditugu eta azken asteburuan bisita gidatua antolatuko dugu. Lan egin dugun eremuetan barrena egiten dugu, zer aurkitu dugun azalduz.   
Oker ez banago, izena eman behar da parte hartzeko...
Hala da. Aramaioko edo Arrasateko udaletxeetan eman behar da izena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide