Ekuadorko lurrikararen kaltetuekin bat egin dute Aramaion

Mirian Biteri 2016ko uzt. 21a, 10:00

Aramaioko Udalak bat egin du kaltetuei laguntzeko antolatu egin diren ekimenekin; 650 euro jaso dituzte orain arte.

Pasa den apirilaren 16an gertatu zen lehen lurrikara, Richter eskalako 7,8 mailakoa, eta Ekuadorko ipar-ekialdea izan zen zonalde kaltetuena. Lurra mugitu zenetik dagoeneko hiru hilabete pasa badira ere, laguntza behar dute Ekuadorren.

Egoera honen aurrean, Aramaioko Udalak bat egin du kaltetuei laguntzeko antolatu egin diren ekimenekin, bereziki udalerrian bertan bizi diren ekuadortarrek dirua biltzeko egin dituzten ekintzekin.
Hona hemen asmo horrekin Aramaion antolatu diren ekimenak: maiatzaren 14an egindako Lorabarri Egunean, esaterako, ekuadortarrek hango jakiekin postua jarri zuten eta Udalak edariak jarri zituen. Horrez gain, herriko jaietan elkarteen arteko pikean prestatu zen okela ere salgai jarri zen pintxo modura.

Uztailaren 14ko zenbakia

Zozketa berezirako txartelak ere salgai jarri dira, Aramaioko jatetxe batean bazkaria edo afaria irabazteko aukerarekin. Zenbaki sariduna da uztailaren 14ko ONCE zozketan irten zen zenbakiaren azken hiru zenbakiekin bat zetorrena. Horrela, 393 suertatu da zenbaki irabazlea. Txartel irabazlea duenak udaletxean jaso beharko du saria, edo, 945 44 50 16 telefono zenbakira deitu.

Guztira, 650 euro lortu izan dira. Aretxabaletako Hiruatx Gobernuz Kanpoko Erakundeari emango zaio dirua; izan ere, urteetan dihardu hango herrialdean proiektu solidarioak martxan jartzen, Terranueva bertako erakundearekin batera elkarlanean.

Laguntzeko asmoa dutenak garaiz dabiltza oraindik; norbanakoen ekarpena jasotzeko kontua zabaldu dute eta: ES15 30350002140020069148.

Jasotako dirua ura edo mantak bezalako oinarrizko laguntzarako bideratuko da, bai eta Cash For Work programarako. Egitasmo hau lurrikara edo bestelako emergentzia kasuetan giza laguntza ematen duten erakundeek eskaintzen dute. Ordainketa sinboliko baten truke, jendea bere ingurua txukundu eta antolatzera aktibatu nahi dute. "Horrela, funtzio bat emanez, alde emozionala deskargatzeko aukera ere ematen da", azaldu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago