Leihoak apaintzeko ordua heldu da Urkabustaizera

Mirian Biteri 2016ko uztailaren 10a

Balkoi loredunen lehiaketa deitu du lehenengoz Udalak; hilaren 15era arte eman daiteke izena.

Lehiaketa berria jarri du martxan lehen aldiz Urkabustaizko Udalak: balkoi-leiho loreduna, hain zuzen. Interesa duten herritarrek udal bulegoetan eman dezakete izena uztailaren 15era arte.  

Lehiaketan parte hartu ahalko dute udalerrian alokairuan bizi edo etxebizitza dutenek, eta baita bizilagun elkarteek eta komertzio, taberna eta jatetxeek ere. Hori bai, parte hartzen duten leihoak edo balkoiak kale publikora begira egon beharko direla jakinarazi dute.

Uztailaren 26tik abuztuaren 19ra bitartean egingo dute parte hartzen dutenen leihoen balorazioa. Honako balorazio irizpideak izango dira kontuan: originaltasuna, apainduraren kalitatea, iraunkortasuna eta loreen antolamenduaren diseinua. Udaletik jakinarazi dute, udal ordezkari eta lorezaintza sektoreko profesional banak osatuko dutela epaimahaia.

Bi sari

Bi balkoi edo leiho sarituko dituzte: irabazleak 100 euroko txartela jasoko du Gorbeia lorezaintza zentroan gastatzeko; bigarrenak, berriz, 60 euroko txartela irabaziko du. Sari banaketarako ekitaldia antolatuko dute.

Deialdiaren helburua da udalerriko baloiak "elementu bizi" bezala berreskuratzea, horrek ingurumenean eta gizartean dakartzan onurak nabarmenduz. Zeregin horretan herritarren parte-hartzea bilatu nahi du Udalak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago