Herri galdeketaren lekukoa Legutiok hartuko du 2017an

Herri galdeketaren lekukoa Legutiok hartuko du 2017an
Herri galdeketa egin ahal izateko sinadura bilketa hasiko dute Legution. /Goiena

Aramaion herri galdeketa egin ostean, Legutiok antolatuko du hurrengo urtean, beste hainbat herrirekin batera.

 

Ekainaren 5ean hamaika udalerrik erantzun zuten burujabetzaren inguruko galdera: "Nahi al duzu izan estatu independente bateko herritar?". Besteak beste, Aramaioko 1.200 herritarrek izan zuten horretarako aukera eta parte-hartze zabalenetakoa izan zen bertan (%51); 602 lagunek Bai erantzun zuten eta 28 lagunek Ez. 2017an ere, beste hainbat udalerritara zabalduko du Gure Esku Dago ekimenak galdera eta, besteak beste, Legution ere izango da mahairik.

Ekinaldia antolatuko duen elkartea osatzeko lehendabiziko bilera egin zuten astelehenean, Legutioko kultur etxean. "Legution erabaki dugu aurrera egitea ikusten dugulako badagoela talde nahiko sendoa, ez tamainagatik baina bai denboran zehar iraun duena eta pentsatzen duena jarraitzeko indarra daukala", azaldu du taldeko sustatzaile Gidor Bilbaok. Astelehenean 2017an herri galdeketa egin nahi dutela jakinarazteko bilera egin zuten, eta jende berriari dei berezi bat egin zioten. Elkartea ofizialki osatu eta, hemendik  aurrera, eginkizun konkretuetarako jendea inplikatzea behar dutela azaldu dute taldekideek, informatikan laguntzeko izango direnak, aholkularitza juridikoarekin laguntzeko edota hedabideekin hartu-emanetan aritzeko, besteak beste. 

Udaren ostean, halaber, herriko jaiekin batera, herri galdeketa aurrera eramateko beharrezko sinadurak batzeko kanpaina abiatuko dute. "Erroldaren %10a behar dugu eta uste dugu hori arazorik gabe lortuko dugula, eta, hain zuzen, jaietan momentu egokia da kalean postu bat jarri eta 150-200 sinadura batzeko; lan barik ez, baina lortuko dugula uste dut". Gainera, udalerriko jende ezagunarekin argazki bat eta adierazpen bat egingo dutela iragarri dute, erabakitzeko eskubideak duen garrantzia eta herri galdeketak duena nabarmentzeko. Beharrezko sinadurak batzeko epea urrira arte zehaztu du lantaldeak.

Aramaio, gertutik

Ekainaren 5eko herri galdeketak gertutik jarraitu zituzten Legution, gertuko Aramaio herriko ekitaldietan bete-betean. Eguneko jardueretan parte hartu zuen Legutioko talde batek, Gasteiz, Zuia, Amurrio eta Laudioko beste batzuekin batera. "Galdeketaren beraren antolaketarekin lanpetuta ibili ziren Aramaioko herritarrak  eta bestelako ekitaldietan laguntzen izan ginen". Kamisetak egiten, txoznan laguntzen edota talogile lanetan ere ibili ziren hainbat lagun.

Euskal Herriko galdeketen artean parte hartze handienetako izan zuen Aramaiok, eta antolatzaileek egindako lana nabarmendu du Bilbaok: "Herriareen iritzia eta herriaren gogoa oso inportantea da, baina horretarako garrantzitsua da hor sustatzaile lanetan ibili direnen lana". Eta, Legution ere, parte hartze hori dute erronka:  Gutxienekoa Euskal herrikoaren batezbestekoa jartzen dute, "Aramaiokoaren tamainara iristea beharbada anbiziotsua izango litzateke gure aldetik".

Galdeketak "bizirik"

Bilbaoren esanetan, herri galdeketaren deia bizirik mantendu behar da hurrengo urteetan ere: "2016an herri batzuek egin zuten, 2017an beste batzuek, etengabe, pentsatzen dugulako mantendu behar dela galdeketen gogorarazpen hori". Eta, bide horretan, Legutio aproposa izan daiteke horretarako, tamaina egokia duelako –1.700 bat biztanle ditu udalerriak– eta beste bozketetan ikusten ari direnaren arabera, banaketa soziologiko eta politiko egokia izan dezake halako egitasmo bat antolatzeko. 

Legutiorekin batera, beste udalerri batzuetan eztabaida izan dute galdeketa egiteko aukeraz. Lantalde sendoak dituzte, esate baterako, Laudion eta Amurrion, baina 2017an  egiteko prest ez direla jakinarazi dute.

 

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?

Izan zaitez ALEAkide