Aramaioko San Martin eskolan murrizketak salatu dituzte

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko eka. 22a, 11:33

Ikasle kopurua mantendu arren, Hezkuntza Sailak irakasleen klaustroaren %10 murriztuko duela salatu dute eskolako gurasoek eta Zuzendaritzak.

Datorren ikasturtean Aramaioko San Martin eskolan murrizketak izango direla salatu dute eskolako guraso elkarteek eta zuzendaritzak. Haur Hezkuntzako 3 eta 4 urteko gelak bateratu egingo ditu Hezkuntza Sailak eta horrek eskolako irakasle kopuruan "eragin zuzena" izango duela uste dute.

Horrela, aurreikusten dute datorren ikasturtean ia bi irakasle gutxiago izango direla klaustroan, nahiz eta eskolako ikasle kopuruan murrizketarik ez egon. "18 irakaslez osaturiko klaustro batean ia 2 plaza murrizteak, hau da,  %10a, daukan eragina ez dela kontuan hartu uste dugu", zehaztu dute gurasoek eta Zuzendaritzak.

Egoera honen aurrean, San Martin eskolako Zuzendaritzak Arabako Hezkuntza Ordezkaritzan hainbat alegazio aurkeztu ditu.

Kalitatezko hezkuntzarako eskubidea

"Herri txiki bateko eskolako kide gara, gure umeen hezkuntzak arduratzen gaitu eta kalitatezko hezkuntzarako eskubidea dugulakoan gaude. Horregatik, hezkuntza ordezkaritzari gaur egungo lanpostuen zerrenda mantentzea eskatzen diogu, gure eskolaren proiektuak aurrera eramateko modu bakarra delako", azaldu dute ohar baten bidez San Martin Eskolako ikasleen gurasoek, Aramaioko San Martin Eskolako Elkartasuna Guraso Elkarteak eta eskolako Zuzendaritzak.

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide