Mairuelegorretako Euskal Jaiaren inguruko dokumentala grabatuko dute

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko mai. 23a, 11:55

Mikel Ezkerro gasteiztarrak zuzenduko du. Aste honetan hasiko dira dokumentala grabatzen eta ekainaren 1ean diru-bilketa kanpaina abian jarriko dute, besteak beste, produkzio gastuak ordaintzeko.

 Mairuelegorreta kobazuloan ospatzen den Euskal Jaiaren inguruko dokumentala prestatzen ari dira egunotan Mikel Ezkerro zuzendaria eta Danilo Albin gidoilaria. Mairuelegorreta, iluntasunetik argitasunera da ekoizpen honen izena eta arduradunek esan duten moduan, ospakizun honen inguruan ikerketa lanik ez zegoenez, aukera paregabea ikusi zuten dokumentala egiteko. “Oso gai interesgarritzat hartu genuen, batez ere Euskal Jaia frankismo garaian jaio, egoera latzei eutsi eta 53 urteren ostean bizirik jarraitzen duelako”. Dokumentala Zigoitia Euskaraz (Mairulegorretako euskal jaiaren egungo antolatzailea), Sociedad Excursionista Manuel Iradier (garaiko antolatzailea) eta Mikel Ezkerroren arteko koprodukzioa da.

 

  Testigantzak eta bitxikeriak

 Orain arte, dokumentazio eta ikerketa lana egin dute eta datozen egunetan, ikus-entzunezkoa grabatzeari ekingo diote. Horretarako, 1963. urtetik egiten den Euskal Jaiaren inguruko bilakaera kronologikoa ardatz hartu dute ekoizleek. “Garaiko eta gaur egungo antolatzaileei egindako elkarrizketak oinarri hartuta, Euskal Jaian bizitako esperientziak, bitxikeriak eta anekdotak jasoko ditugu”. Horrez gain, testuinguru linguistikoa, soziala eta politikoa aztertzeko, Iñaki Martinez de Luna soziolinguistikoa elkarrizketatuko dute. Era berean, testigantza horiek osatzeko, urteetan zehar Euskal Jaian parte hartu izan duten musikari eta bertsolari batzuk elkarrizketatuko dituzte. Gainera, Kike Amonarrizen kolaborazio berezia izango du dokumentalak.

 

Diru-bilketa

 Euskal Jaiaren inguruko dokumentala egiteko, alde batetik, Zigoitiko Udala, Vital Kutxa Fundazioa, Arabako Foru Aldundia, Mendia Optika, Artepan eta Naturokelaren babesa, eta bestetik Artzegi, Errekatxo eta Bengolarra tabernen eta ALEA aldizkariaren laguntza jaso dute. Halarik ere, ekoizpena gauzatzeko aurrekontua osatzeko diru-bilketa kanpaina abiaraziko dute ekainaren 1ean. Guztira, 2.500 euro bildu behar dituzte.  Verkami plataforman martxan jarriko dute kanpainarekin bildutakoa produkzio gastuak (garraioa, talde teknikoaren soldatak, alokairuak...) eta DVD formatuaren ekoizpenerako bideratua egongo da.

 

Estreinaldia, irailaren 10ean

 Dokumentalaren estreinaldia irailaren 10ean izango da, Zigoitia Euskaraz 2016 egitarauaren baitan, Zigoitiko Kultur Etxean. Horrez gain, urrian Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean proiektatuko dute.

 

[eus] MAIRUELEGORRETA; iluntasunetik argitasunera / trailerra from Mikel Ezkerro on Vimeo.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide