Izarrako Goiuri Gozogintzan dago euskal pastelik onena

Mirian Biteri 2016ko maiatzaren 14a

Hirugarrenez irabazi du Izarrako Goiuri Gozogintzako Leyre Belaustegik Euskal Pastelaren Euskadiko Txapelketa.

2012an lortu zuen lehen txapela; 2015ean, bigarrena; eta maiatzaren lehen asteburuan Berangon urtero egiten den txapelketan, hirugarren txapela jantzi zuen.    

Langabezian geratu eta gero, Izarra, Gorbeia hegoaldean lantegi artisaua jarri zuen martxan Belaustegi gasteiztarrak. Abentura horretan bere senarraren, Iñaki Meaberen, laguntza eta baita familiarena ere izan zuen. 2012an izan zen hori.

Gorbeiako produktuak
Goiuri Gozogintza euskal pastelean espezializatuta dago. Errezetan nahasten dira Gorbeiako esne eta arrautzak, azukrea, eta Belaustegiren esanetan, "maitasun handia eta eguneroko esfortzua". Betiko bertsioaz gain, txokolate, gerezi eta masusta gorrikoak ere, besteak beste, egiten ditu.

Euskal Herriko azoka nagusietan aurki daiteke aurtengo pastel onena, eta baita, egunero, Izarrako Ugarte kaleko gozotegian ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago