Legution da '2016 Bidea' mendizaletasuna eta kultura uztartzen dituen ekimena

Mirian Biteri 2016ko maiatzaren 12a

Rezikletas taldearen ikuskizuna, Legutioko plazan.

2016 Bidea, gidatutako 32 mendi-etapaz eta 100 ekintza kultural baino gehiagoz osatutako ibilbidea, Arabara heldu zen asteburuan. Legutio izan zen zazpigarren etaparen helmuga; igandean Leintz Gatzagarantz abiatuko da.

Pasa den igande goizean, Otxandioko plazatik irten zen martxa, eta eguerdi aldera iritsi zen Legutiora; hainbat ikuskizun izan ziren bertan; tartean, Turukutupa konpainiaren Rezikletas izeneko emanaldia.

Zortzigarren etapa Legutiotik irtengo da igandean, hilak 15; eta Leintz Gatzagan amaitu. Ibilaldian zehar, Panta Rhei Teatroak Bideart ikuskizuna eskainiko du Landan; eta Gatzagan, gatz museoa bisitatu ahalko da, eta tailerrak egin. Ostiralean, maiatzak 13, amaitzen da izen-ematea, 20:00etan. Aseguru eta autobusaren kostua zazpi eurokoa da.
 
Zazpi hilabetez
Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuaren muga-gaindiko proiektua da; izan ere, zazpi hilabetez Euskal Herri osoa zeharkatuko baitu ibilbideak, Donostia 2016ren filosofia zabalduz.  Martxoaren 27an hasi zen, eta orain arteko parte-hartzeak espektatiba guztiak bete dituela jakinarazi dute antolatzaileek. Ibilian egiten da kultura lelopean, herritarren interesa piztu du egitasmoak mendizaletasuna eta kultura bezalako disziplinak uztartuz; orain arte 500 lagun baino gehiagok hartu dute parte ekimenean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago