Bilerleko (Legutio) batailako eszenatokietan bisitaldi gidatuak antolatu dituzte

Gorbeialdeko Kuadrillak bisita gidatu berria jarri du abian martxoan: 1936ko azaroaren 30ean, San Andres egunean, hasitako Villarrealeko Batailaren pasarteak jarraitzeko aukera ematen zaie interesatuei.

Bisitak bi orduko iraupena du. Herriko sarreran dagoen Kurutzalde auzoan hasten da eta handik, N-240 errepide azpitik, herrirantz egiten du. Urtegiaren beste aldetik, Otxandiorako eta Ubiderako errepide zaharrak nondik zihoazen azalduko zaie bisitariei; gero, elizarantz abiatuko dira, iparraldeko frontearen aztarnen bila. Plazara jaitsi eta Kurutzalderantz itzuliko dira, Zabalainera joateko bide ondoan dagoen Itxarkundia batailoiko gudarien omenezko monolito parean.     

Arabako batailarik latzena

Bisita gidatzen duen Alvarez de Arkaiak horren garrantzia azpimarratu du: "Azaroaren 30etik abenduaren 23ra bitartera, bataila amaitu zenera arte, egunero gertatutakoa ezagutzen joango dira bisitariak, fronte bakoitza non zegoen ezagutuz. Kontuan hartzekoa da Gerra Zibilaren bueltan, Araban eman zen batailarik latzena izan zela hau; oso borroka trinkoa eta latza; 1.500 hildako eta 5.500 zauriturekin bukatu zena".

Horrekin batera, gogorarazi du herria hustu behar izan zutela, eta itzuli zirenean, erabat suntsituta zegoen herria topatu zutela; eta gaineratu du, garai hartan, Legutiok 170 etxe zituela, eta batailaren ostean, 15 baino ez zirela zutik geratu. Inguruko herriak ere ez ditu ahaztu nahi izan Alvarez de Arkaiak; Nafarratek, Zestafek, Muruak, Ubidek, Otxandiok eta beste hainbat herrik ere hondamendia jasan zutelako.  

Bisita gidatu berria egiteko ideia nondik irten den ere azaldu du. Orain dela bizpahiru urte Ingalaterrako talde bat Espainiako Gerrak Euskal Herrian zelan jo zuen ikustera etorri zirela gogorarazi du; besteak beste, Legution izan ziren. Horren ostean, Ttipia Ondareak, Gorbeialdeko eskualdea ezagutzeko bisita gidatuak eskaintzen dituen enpresak, eta Sancho de Beurko elkarteak bisitari forma ematen hasi ziren; urtebete eman zuten zeregin horretan.

Dagoeneko gogorarazi daitezke pasarte latz horiek. Bisitaldi gidatua egiteko interesa dutenek 945-24 38 28 telefono zenbakira deitu behar dute.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide