Nuria Fernandez de Arroiabe: "Erabakitzeko eskubidea gauzatzea da Erain Debagoienak bilatzen duena"

Mirian Biteri 2016ko mar. 17a, 10:04

Gure Esku Dago oinarri hartuta, urrats berria egin dute Aramaion. Erabakitzeko eskubidea bermatzeko Erain Debagoiena elkartea sortu dute, Debagoieneko gainerako herriekin elkarlanean. Dagoeneko badute galdeketa egiteko eguna: ekainaren 12a.

Martxoaren 5ean Erain Debagoiena aurkeztu zenuten Aramaion. Zer da zehazki? Debagoienan, Aramaio barne, sortu den elkarte bat da Erain Debagoiena, erabakitzeko eskubidea bermatzeko eta herri-galdeketa egin ahal izateko. Horretarako, beharrezkoa zen elkartea sortzea, eta legalki hainbat pausu ematea. Edozein modutan ere, hori dena Gure Esku Dago barrutik dator. Hau da, Gure Esku Dago da oinarria eta bailaran prozesua aurrera eraman ahal izateko Erain Debagoiena elkartea sortu da. Proiektu hau parte-hartzean oinarrituta dago; demokrazia ariketa bat da. Azken finean, bilatzen dena da dagokigun eskubide hori aldarrikatzea eta gauzatu ahal izatea. Guretako inportanteena da parte-hartzea bultzatzea, emaitza edozein izanda. Emaitza bigarren mailakoa da.

 

Ekainaren 12an nahi duzue herri-galdeketa egitea, ezta? Hala da. Debagoienean eta Aramaion erroldatuta dauden 16 urtetik gorako guztiek parte hartu ahal izango dute. Egunari dagokionez, ekainaren 12a egun ona iruditzen zaigu; batetik, ez zaigu interesatzen oso gertu izatea, prozesua behar bezala lantzeko denbora behar dugulako. Baina, bestetik, ez dugu nahi oso urrun bidaltzerik, premia dagoelako eta Debagoiena horrelako zerbait egiteko prest dagoelako. Kasualitatez, Azpeitia aldean ere egun bera aukeratu dute herri-galdeketa egiteko.  

Espainian errepika daitezkeen hauteskundeek eragina izan dezakete data horretan?Bai. Jakina denez, Espainiako gobernua osatu ezinik dabiltza; maiatzera arte dute osatzeko epea. Osatuko ez balitz, hauteskundeak deituko lirateke ekainaren 26rako, oker ez banago. Hauteskundeen aurretik eta atzetik, hiru astetan ezin daiteke bestelako galdeketa edo hauteskunderik edo bestelakorik egin. Horrek esan gura du ekainaren 12ko data ezingo genukeela erabili. Egoera horren aurrean zer egin aztertzen gabiltza. Litekeena da ekainaren 5era aurreratzea herri-galdeketa. Hipotesi bat baino ez da, baina badaezpada aurretik pentsatuta izan behar duzu. Gauzak zelan dauden ikusita...

Zeintzuk izango dira hemendik aurrerako urratsak?
Proiektua, lege aldetik, aurrera eroan ahal izateko eman beharreko pausuak ematen gabiltza. Hor barruan dago sinadura bilketarena. Galdeketa deitu ahal izateko, herritarren babes bat behar duzu. Gure kasuan, hartu dugun kopurua da ekainaren 12an bozkatzeko gaitasuna izango dutenen %10a. Zenbakitan, 6.500 lagun inguru dira. Edozein modutan ere, gure erronka 10.000 sinadurara heltzea da.

Aramaiori dagokionez, zenbat sinadura behar dira?
Aramaiok 1.500 bat biztanle ditu eta botoa emateko aukera dutenak 1.200 bat dira. Horren %10a 120 sinadura inguru dira. Martxoaren 5ean Sastiñan egindako aurkezpenean bakarrik 81 lagunen babesa jaso genuen. Hiru ordu laurden edo baino ez ginen egon sinadurak batzen.  

 

Pozik orduan aramaioarrek Erain Debagoienari egin dioten harrerarekin?  
Oso pozik. Erantzuna bikaina izan da, demasa. Orokorrean, esan beharra dago, herri guztietan izango duela oso harrera ona. Oñatin eta Antzuolan izan ezik, gainerako herrietan martxoaren 5ean egin zen aurkezpena. Eta erantzuna bikaina izan zen. Lehen egun horretan 1.500 bat sinadura jaso genituen. Aramaion, aurretik bestelako ekimenak egin izan direnean jende gutxitxo hurbildu izan da. Eta oraingoan, itxaropen eta gogo berezia sumatu genuen. Sastiñako aurkezpenean, esaterako, adin guztietako 100 lagunetik gora batu ginen.   

Noiz arte egongo da sinatzeko aukera?
Maiatzaren 2ra arte; aurkezpena egin zenetik (martxoak 5) bi hilabeteko epea dugu sinadurak batzeko. Herri gehienetan buru-belarri dabiltza mahaiak jartzen, eta baita gu ere. Ekimen bereziren bat dagoenean mahaia jarriko dugu; esaterako, martxoaren 11an trikiti emanaldia izan zen kalean, eta bertan izan ginen. Horrez gain, maiatza bitartean, ia astebururo jartzeko asmoa dugu, ostiraletan. Eguraldi ona egiten badu, okindegi pareko ingurunean jartzea pentsatu dugu, eta bestela, kultura etxean.  

Eta maiatzaren 2tik aurrera zer?
Ekainaren 12koa prestatuko dugu. Azken finean, kanpaina egitea izango da, ahalik eta jende gehiengana ailegatzeko. Bestetik, bozkarena zelan egin ere erabaki behar dugu; herri bakoitzean zelan egin. Aramaion, esaterako, ahalik eta jende gehienarengana heldu nahi badugu, auzoetara ere joan beharko dugu. Guzti hori oso ondo prestatu behar da. Horrez gain, horrelako prozesua aurrera ateratzeko dirua ere ezinbestekoa da; hor gabiltza ekintzak antolatu guran eta ikusten zer egin daitekeen diru apur bat ateratzeko. Babes ekonomikoa inportantea da.  

Oker ez banago, Araba mailan, oraingoz, Aramaion baino ez da egingo herri-galdeketarik...
Hala da, oraingoz ez dago bestelako albisterik. Baina seguru laster beste herriren batek egiteko asmoa agertzen duela. Kontuan izan behar da denok ez dugula erritmo bera, eta Araba horretan, agian, moteltsuago doa. Baina, seguru irtengo dela beste nonbaiten.

Horregatik erabaki du Aramaiok Debagoienarekin batera joatea?
Bai. Guk, alde batetik, bagenekien ardura genuela Arabako herri moduan. Agian, Araban prozesuaz bultza egiten zuena izan zitekeen Aramaio. Baina, beste alde batetik, herri txikia gara eta Debagoienarekin lotura estua dugu, bai geografikoki eta baita gainerakoei begira ere. Gure joera naturala Debagoienera egitea da. Eta Debagoieneko kasua ezaguturik oso aukera ona ikusi genuen; denok elkarlanean tira eginda prozesua aurrera atera ahal izateko. Azkenean, lana da. Kontuan hartu beharreko gauza asko behar dira, batez ere lege aldetik. Horregatik erabaki genuen guk Debagoienarekin batera joatea. Gu orain ikasten gabiltza eta Debagoienarekin batera pausuak ematen. Baina, etorkizunean Arabako beste herriren batek prozesua martxan jartzea erabakitzen badu, laguntzeko moduan egongo gara. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide