Ez da lehenengo aldia Zigoitian kantu tailerra egiten dela. Kirikio euskara elkartearen eskutik, 2004-2005 ikasturtean hasi ziren horrelako eskolak egiten. 2010. urtera arte, 15 euskaldun inguru elkartzen ziren hilean behin Zigoitiko herrietako txokoetan, Ainhoa Ansa irakaslearen laguntzarekin. Pili Aristizabalek tailer horietan parte hartu zuen; oso oroitzapen ona du: "Ainhoa oso berritzailea izan da beti eta hainbat kanta modan jarri aurretik berarekin ikasi genituen, hala nola, Arrosako zolan, Baratze bat edo Zazpiak oihal batetik".
Kantu tradizional eta egungo asko ikasteaz gain, horien esanahia ere lantzen zuten tailerrean. Horren harira, honakoa azpimarratu du Aristizabalek: "Euskaldunen arteko bilgunea zen eta hasierako motibazioa besterik gabe kantatzea eta ondo pasatzea izan zen. Ondoren, motibazioa Zigoitia Euskarazen bueltan Mairuelegorreta kobazuloan egiten den jaialdian kantatzea izaten zen".
Herritarren proposamena
Eta, hain justu ere, garai hartako tailerrean parte hartu zutenek egin diote orain Zigoitiko Udalari berreskuratzeko proposamena. Eskaera aztertu ostean, esperientzia arrakastatsu horri berriro ere heltzea erabaki dute. Horren harira, honakoa azaldu du Euskara teknikari Manex Agirrek: "Udalarentzat, interesgarria da, euskarazko kulturgintzaren ikuspuntutik, kontzertu batek baino eragin handiagoa duelako tailer batek. Hau da: euskarazko kantagintza gertu sentitzen ez dutenak erakarri nahi ditugu, eta, modu didaktikoan, euskal kantuen mundura sarrarazi. Hori nekez lortzen da kontzertu batekin, edo emanaldi soil batekin".
Burua eskaini
Esan bezala, Mikel Markez abeslari ezagunak gidatuko ditu oraingoan saioak. Aristizabalek gogorarazi du pasa den irailean Mairuelegorretako Euskal Jaian abestu egin zuela, eta bazkarian tailerraren berri izan zuenean, irakasle moduan jarduteko bere burua eskaini zuela.
Martxoaren 9ra arte
Lehen saioa martxoaren 11n izango da, Gopegiko txokoan; bigarrena, apirilaren 8an; eta azkena, maiatzaren 20an. Izena emateko bi bide dituzte kantu tailerrean parte hartzeko interesa dutenek: Gopegiko zentro soziokulturalera hurbiltzea, edo, bestela, euskara@cuadrillazuia.com helbide elektronikora mezua bidal daiteke. Antolatzaileek ohartarazi dute martxoaren 9a dela apuntatzeko azkeneko eguna. Horrekin batera, gogorarazi dute saioak afalostean izango direla, eta norberak eraman beharko duela afaria.