Mexiko eta Japonia, Murgiako Miniature pintxo jaialdiko gonbidatuak

Mikel Uralde 2016ko ots. 19a, 10:18

Zaldiaran jatetxeko Gonzalo Antoni omenaldia egingo diote ibilbide profesionalagatik.

Murgian otsailaren 27tik martxoaren 2ra egingo den Miniature gastronomia jaialdian Mexiko eta Japoniako platerak ezagutu, eta, besteak beste, Gonzalo Anton enpresarioa omenduko dute bere ibilbide profesionalagatik. 

Zaldiaran jatetxeak goi mailako janaria eskaini du 27 urtetan zehar, antolatzaileek gogoratu duten moduan, eta horregatik omenaldia egingo diote otsailaren 28an. Aitzindaria izan zen Gonzalo Anton jatetxe honekin, tartean Gasteizko nazioarteko gastronomia kongresua antolatu zuelako; Ferran Adria edota Pedro Subijana bezalako sukaldariek lehenengo pausoak eman zituzten  jardunaldi hauetan. 

Omenaldiarekin batera, aurten Mexiko izango da III. jardunaldiko herrialde gonbidatu berezietako bat Japoniarekin batera. Ekitaldira chef handiak etorriko dira Mexikar sukaldaritzaren hiru aroak izeneko hitzaldi sorta ematera. Gainera afari bat prestatuko dute, kolonizazio aurreko sukaldaritzatik gaur egungo gastronomiara bitartean doan esperientzia berezi bat eskainiz, azaldu duten bezala.

Mexiko izango da protagonista martxoare 1ean.  Omenaldia egingo diote Paco Mendezi, Albert Adriarekin batera Bartzelonako Hoja Santa jatetxea zuzendu duenari. Hauekin batera, Madrilgo Punto MX jatetxeko Roberto Ruiz chefa egongo da.

Egitarau herrikoiak beste jardunaldi bat izango du otsailaren 28an, hain zuzen, Pintxo Herrian ospatuko baitute. Bertan Euskal Herriko zortzi sukaldarik sortutako pintxoak dastatzeko aukera izango dute. Proposamen hau familia guztiarentzako moduako izango da, herrikoia, antolatzaileek jakinarazi duten moduan, eta, halaber, Gorbeiako tokiko produktuak eskainiko dituzte.

Ekitaldi hauez gainera, otsailaren 27an Mario Palacios eta Marcos Mendicutti MasterChef Junior lehiaketako parte hartzaileek emango duten sukaldaritza saioa izango da. Bertan, 200 ume baino gehiagok izango dute parte hartzeko aukera.

Japoniako zaporeak 

Egitarau profesionalak leku bat gorde du Japoniako gastronomiarentzat, eta euskal sukaldaritzarekin harreman estua izan duten bi sukaldari gaztek japoniar miniatura sukaldaritzaren hainbat alderdi erakutsiko dituzte, fusiozko sukaldaritzaren beste alderdi batzuekin batera. 

Japoniarekin eta Mexikorekin batera, noski, euskal pintxorik onenak ere izango dira aurtengo ekitaldian. Hitzaldi eta afarien bitartez aurtengo proposamen berriak aurkeztuko dituzte. David Rodriguez edota Alex Mujika moduko sukaldariek parte hartuko dute. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide