Sanblasetan murgilduko dira egunotan Legution

Mirian Biteri 2016ko urt. 29a, 11:30
Boot Boys

Legutioko administrazio batzarrak eta gazte asanbladak elkarlanean, aurten ere egitarau oparoa gertatu dute San Blas jaien bueltan. Larunbatetik asteazkenera bitartean, pilota partidua, kontzertuak, artisau azoka, bolo txapelketa eta herri bazkaria izango dira, besteak beste. 

Larunbatean, hilak 30, bertan hasiko dira ospakizunak. Eguerdiko triki-poteoaren ondotik, arratsaldean askotariko ekimenak izango dira: Sambhu ume ikuskizuna kultura etxean, txistorra jana, kalejira eta Legutioko V. Pilota Goxua txapelketaren finala.

Larrinoa anaiak

Gazte Asanbladak antolatuta, abenduko eta urtarrileko aste bukaeratan esku binakako partiduak jokatu izan dira, eta, urtero moduan, San Blas jaiak aukeratu dituzte finala egiteko. Iaz herriko Larrinoa anaiek irabazi zuten txapela; aurten ere ederto dabil bikotea. Gauean, musikak hartuko du lekukoa: Legutioko Boot Boys boskoteak, Akerbeltz eta Jonathan disko jartzailea izango dira jaiak girotzen.

Iganderako ere askotariko ekintzak daude aurreikusita: eguerdian, hamabi saltokiko artisauen azoka eta Nakar taldearen eskutik dantzaldia kiroldegian; eta helduendako ikuskizuna eta trikipoteoa, iluntzean.

Jakiak bedeinkatzera

Egun potoloena, baina, asteazkena, San Blas eguna, izango da. Txistularien kalejiraren ostean, jakiak bedeinkatzeko aukera izango da eguerdiko mezan. Elizkizuna amaitzean, bolatokira joango dira legutiarrak. Betiko moduan, giro bikaina izango da bolo txapelketan. Jarraian, ehun lagunetik gora elkartuko dira mahaiaren bueltan. Arratsaldean, Jose Antonio murgiarrak kiroldegia girotuko du, etxeko txikienak puzgarrietan ibiltzen diren bitartean

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide