Legutioko Udalak N240 errepideko puntu beltzak premiaz konpontzea eskatu du. EH Bildu eta EAJ-PNV udal taldeek adostu duten testuan puntu beltz horiek jasota daude: Elosuko bide gurutzea, Zabalaingo penintsula, Otxandiotik datorren gurutzea eta Txopera auzorako sarrera. Hauei gehituta aldapa-gainaldeak daude, azken urte hauetan istripu ugari sortarazi dituztenak
Legutioko Udalak Garraio Foru Sailari premiaz lanak burutzeko plan bat egitea eskatu dio egun dauden gabezia larriei irtenbidea emateko. Era berean, informazioa eskuratzeko eta parte-hartzea bermatzeko beharrezkoak diren mekanismoak hartzeko prest dago Legutioko udala eta helburua ahalik eta azkarren lortzeko, gauza bera egin dezala eskatu dio Foru Aldundiari.
Bestalde, Legutioko Udalbatzak aho batez aurreikusita zegoen saihesbidearen proiektua behin betiko bertan behera uztea eskatu du. Gainera, legealdian zehar idatzi eta onartu beharko den Arabako Errepideen Plan Orokorrean horrelako egitasmorik ez sartzea eskatu du.
"Proiektu askok huts egin ondoren, behin betiko soluzioa emateko momentua heldu da", adierazi du Legutioko alkate Nekane Garaigordobilek.
Arabako Foru Aldundiak argitaratu dituen datuen arabera, arrisku handiko gunea da eta 2000. urtetik ia 200 istripu zenbatu dira. Guztira sei lagun hil dira; azkena, 18 urteko zornotzar gazte bat, urtarrilaren 5ean.