Gorka Diaz: "Inor espetxera ez joatea lortu dugu akordioarekin"

Erredakzioa 2016ko urt. 14a, 18:22
Argazkia: Infozuia

04/08 makro-sumarioan inputatuta Jaiotzez bilbotarra bada ere, hamarkada inguru darama Gorka Diazek Zuian. Aste honetan auzipetuek akordioa lortu dute eta kartzela saihestuko dute.

Gabonetako geldiunearen ostean, ekin zioten berriro ere Madrilen 04/08 makro-sumarioaren epaiketarekin eta iragan asteazkenean bertan jakin zen akordioa lortu eta auzipetuak ez direla kartzelara joango. Gorka Diazendako hamar urteko espetxe zigorra eta beste horrenbeste urteko lan inhabilitazioa eskatzen zuten. Datozen lerroetan, epaiketaren atarian Zuiako ezker abertzaleko militanteari Infozuia atariak egindako elkarrizketa jasota dago eta akordioa lortu ostean Diazek eginiko lehenbiziko hausnarketa.

Madrilen akordioa erdietsi ostean auzipetuak ez zarete kartzelara joango. Pozik?

Bai. Inor espetxera ez joatea zen helburua, eta hori lortu da. Halaber espero dugu balio izatea etorkizunean salbuespen legedien ezarpenarekin amaitzeko.

Bide politiko eta demokratikoen aldeko apustua berretsi duzue epaiketan baita akordioaren harira ere.

Hala da. Inputatuak geunden 35 euskal herritarrok argi utzi dugu epaiketan eta baita akordioaren harira ere Euskal Herri independentea lortzeko jarduera politikoa izan dela gurea. Hurrengo urteetan frogatu den moduan guk aspaldi bakea eta indarkeriarik gabeko agertokia bilatzen genuela esan dugu. Ezker abertzalearen militanteak garen heinean eta bere garaian egin genuen moduan berretsi egin dugu helburu politikoak lortzeko bide politikoen eta demokratikoen aldeko apustu irmoa egiten dugula eta bide horretan lanean jarraitzeko asmoa dugula aurrerantzean ere.

Zer akusazio zenuen?

Nireganako akusazioa gutxienekoa da; izan ere, makro-epaiketa honetan inputatuak geunden 35 lagunak ezker abertzaleko militanteak izan gara urte askotan zehar. Epaiketa honetan esan bezala zigortzen zena ezker abertzalearen militantziaren ezaugarriak dira, koherentzia eta konpromisoa dira.

Noiz atxilotu zintuzten?

2007ko urriaren 18an atxilotu ninduten Auzitegia Nazionalean bertan, Garzon epailearen aurrean deklaratu nuenean eta kartzelatzeko erabakia hartu zuenean.

Zein zen urte horien testuinguru politikoa?

Ilegalizazioen une gorenean geundela, elkarrizketa ezkutuak burutzen ari ziren PSEko kideekin, hauek Espainiako gobernuaren babesa zutelarik. Hori izan zen Loiolako prozesua. Azkenean ez zen inongo akordiorik lortu eta gatazka areagotu egin zen. Hortaz, Rubalcabak ezker abertzaleko ehunka militante atxilotzeko mehatxua egin eta horrela gertatu zen. Izan ere, 2007-2009 urteetan 200 militante baino gehiago atxilotuak eta kartzelatuak izan ziren egoera prebentiboan. Hauek ezker abertzaleko militanteak, talde internaziolistakoak edo gazte taldeen militanteak izan ziren.

Noiz arte kartzelan?

2009ko irailean atera nintzen kartzelatik Maite Fernandez de Labastida eta Asier Imazekin batera. 15.000 euroko fidantza ezarri eta horrez gain, astero sinatzera behartuta geunden. Gainera, pasaportea baliogabetu ziguten. Honekin lotuta, aipatzekoak dira epaiketaren datu batzuk:

54 urte kartzelan egoera prebentiboan eta 1.266.000 euro fidantzetan. Horrez gain, gehitu beharrekoa da, familia eta senideei suposatu diena estatu espainoleko espetxe ezberdinetara bidaiatzeak.

Nolako egoera aurkitzen duzu kartzelatik irtetean?

Hasteko azpimarratu nahi dut Indautxuko eta Zuiako bizilagunen besarkada solidarioa. Gogoan daukat kartzelatik atera eta astebetera 2009ko Murgiako jaiak zirela. Egoera politikoari dagokionez, ezker abertzalearen baitan eztabaida sakona ematen ari zen, Zutik Euskal Herria prozesua eta aldaketa estrategikoa eman baitzen 2010ean. Urtebetera, ETAk borroka armatua alde batera utzi zuen. Hortaz, ziklo politiko berri bat ireki zen Euskal Herrian.

 

Egilea: Infozuia / Estitxu Ugarte

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide