Tuvisak bi lan eskaintza publiko deituko ditu aldi berean 2027an

31 langilek egin dute erretiro partzialerako eskaera. GASTEIZKO UDALA

Deialdi batek lanpostu hutsak betetzeko aukera emango du, eta besteak erretiro partzialak betetzeko.

Tuvisak bi lan eskaintza publiko deituko ditu aldi berean 2027an, garraio sozietateko lantaldearen laurden bat ingururi eragingo diotenak. Bi prozesu horiek helburu osagarriak dituzte. Batetik, hutsik dauden ohiko lanpostuak behin betiko betetzeko deialdia egingo dute, egiturazko plantillan titularrik gabe dauden postuak estaltzeko. Bestetik, bigarren deialdiarekin, erretiro partziala hartzen duten langileen lekukoa hartuko dutenak kontratatuko dituzte.

Urrian 31 beharginek erakutsi zuten erretiro partziala hartzeko interesa, baina behin betiko plaza kopurua eskaera horiek baieztatzen direnean zehaztuko da. Izaskun Reyes Tuvisako presidenteak nabarmendu duenez, bi prozesuak batera antolatzeak baliabideak hobeto aprobetxatzeko eta bi arloetan aldi berean aurrera egiteko aukera ematen du, baita hautagaiei azterketak ahaleginak bikoiztu gabe prestatzeko ere.

Bestalde, aste honetan bertan amaitu dute 2022ko LEPeko merezimenduen berrikuspena. Behin-behineko emaitzak argitaratuta daude dagoeneko, eta alegazioak aurkezteko epea zabalik dago; erreklamazio horiek ebatzi bezain laster, behin betiko zerrenda Kontseilura eramango dute, izendapenak ofizialki onartzeko.

Azkenik, urriko bidaiarien balantzea ere aurkeztu dute bileran, datu positiboekin. Hilabete horretan 1.892.991 erabilera zenbatu ziren, iazko urrian baino %1,93 gehiago; 2026an metatutako kopuru osoa, berriz, 16.855.464 bidaiara iritsi da, aurreko urteko epe berean baino %6,1 gehiago.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago