Gasteizko Herrandarren kaleko 70. zenbakia, garai bateko autobus geltoki zaharra, erraldoi eta buruhandien txoko berria bihurtuko da. Izaskun Reyes Mantentze Lanetako zinegotziak azaldu duenez, eraikin hori egokia da konpartsa hartzeko bere kokapen zein ezaugarriengatik, eta, hainbat oztopo gainditu ondoren, obren lizitazioa onartuko du abenduaren 4ko Tokiko Gobernu Batzordeak, 441.000 euroko aurrekontuarekin eta hiru hilabeteko epearekin, erraldoiak zein buruhandiak herritarrengana hurbiltzeko espazio propioa izan dezaten.
Obrak bi zati izango ditu. Lehenengoak 150.000 euroko aurrekontua du, eta estalkia ordezkatuko dute iragazgaiztasuna bermatzeko eta prestazio termikoak hobetzeko. Bigarren faseak 300.000 eurokoa, eta honetan haurrentzako jolasak, bankuak eta paperontziak kenduko dituzte, zoru zeramiko berria jarriko dute, zurezko egiturak lixatu eta bernizatuko dituzte, eta hormigoia margotuko dute. Azkenik, kanpoaldeko arotzeria zaharberrituko dute, eta ateak aldatuko dituzte. Argiztapena eta instalazio elektrikoa ere egokituko dituzte, eta suteak detektatzeko zein segurtasun sistemak jarriko dituzte. 2024an bizikleten aparkaleku seguru gisa egokitutako zatiak erabilera horrekin jarraituko du.
"Azkenean, Erraldoi eta Buruhandien konpartsak etxea izango du. Gure memoria kolektiboaren, belaunaldi askoren oroitzapenen parte dira buruhandiak, transmititzen jarraitu nahi dugun tradizioa", nabarmendu du Miren Fernandez de Landa Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotziak.