Aldabe gizarte etxea 18 hilabetez gutxienez egongo da itxita

Zuriñe Prieto Gallego

Aldabeko zerbitzuak urtarriletik aurrera jarriko dira martxan beste kokapen batzuetan. ALEA

Eraikina abenduaren 31n itxiko dute jendearentzat, birgaitze energetikorako obrak egiteko. 

Aldabe gizarte etxeak badu itxiera data: eraikin osoa abenduaren 31n itxiko da jendearentzat, eta liburutegiak hilaren 19an. Arrazoia eraikinean egingo duten birgaitze energetikoa da. Obrak datorren urteko otsailean hasiko dira eta 18 hilabete iraungo dute. Lanak direla eta, gizarte etxeko aparkalekuaren erdia itxiko dute ere, eremu hori erabiliko baitute beharrezko materialak pilatzeko. Era berean, obrek iraungo duten 18 hilabeteetan aparkalekurako ibilgailuen sarbidea aldatuko da.

Aldabeko zerbitzuak, zein kirol, gizarte eta kultura jarduerak, urtarriletik aurrera jarriko dira martxan beste kokapen batzuetan. Programatutako jardueren kasuan, Gasteizko hainbat gizarte etxe eta zentro publikoetara mugituko dira, hala jakinarazi zieten erabiltzaileei ikasturte hasieratik. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari dagokionez, Iparralden eskainiko du arreta, eta Kaleko Hezkuntza programa Landazuriko kiroldegian kokatuko da. Bestetik, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuak hadituko ditu arreta postuak Iparraldeko bulegoan. Liburutegiek, berriz, ez dute kokapen berririk izango, zerbitzua sareko gainerako zentroetan eskaintzen baita. 

Aldabe gizarte etxea obren ostean. GASTEIZKO UDALA

Itxierak eta zerbitzuen lekualdatzeak polemika eragin dute auzokideen artean. Besteak beste, Alde Zaharreko eta Koroatzeko bizilagunek udalaren jarduketa kritikatu dute, Auzoguneko eragileen iritziak kontuan izan gabe disenatu dutelako erreforma guztia. Zalantzan jarri dute ere erreformak bi auzoen "benetako beharrei" erantzungo dien. Gainera, udalak ez du eraikina berriro irekitzeko data zehatzik eman, eta Judimendiko gizarte etxearen erreformak pilatu dituen atzerapenak gogorarazi dituzte auzokideek. 

Udalaren arabera, birgaitze lanen helburua eraikinaren bero eta hotz sistemak optimizatzea da. Horri esker, energia primario ez berriztagarriaren kontsumoa %45 murriztea lortuko dute, eta mantentze lanak ere gutxitu egingo dira. Birgaitze energetikoarekin batera, beste hainbat lan egingo dira ere. Besteak beste, solairuen erabilerak berrantolatzea, azalera erabilgarria handitzea eta sarbide ataria sortzea gizarte etxearen sarreran. Ekitaldi aretoari lotutako kamerinoak egingo dituzte ere.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago