Militantzia politikoa oinarrizko beharretara jaitsi beharretik sortu zen Herrizoma, profil ezberdinetako jendeak batera ekin eta sare komunitario berriak sortzeko. Horretan eman dituzte jada bost urte, baina oraindik ezagutzen ez dituztenentzako ate irekiak antolatu dituzte azaroaren 27an, 18:00etan, Aiztogile kaleko 72. zenbakian daukaten lokalean. Ander Irastorza Mingo (Ordizia, 1991) Herrizomako kidea da, eta berak azaldu dizkigu proiektuaren nondik norakoak.
Zer da Herrizoma?
Gasteizko Alde Zaharreko kolektibo bat gara, elikaduraren inguruan biltzen dena. Elikadura ulertuta oinarrizko behar bat bezala, etxebizitza litzatekeen moduan. Oinarrizko eskubide bat izan beharko luke elikadurak, baina urrun dago izatetik. Badirudi arazo indibidual gisa ulertzen dugula gizartean, zuk atera behar duzula aurrera zure elikadura, eta horretarako behar da lana, dirua… eta mundu guztiak ez dauka berdin eskura kalitatezko elikagaiak lortzea. Arazo kolektibo bat dela ikusten dugun heinean, erantzun kolektibo bat emateko jaio ginen.
Nola ematen diozue erantzuna zuek? Nolakoa da funtzionamendua?
Gauza asko egiten ditugu Herrizoman, baina praktikan gaur egun bi ildo nagusi ditugu. Batetik, ekoizpen komunala; Errekaleorreko lurretan ditugu baratzak, auzo okupatutik edaten dugu guk ere, eta haiei esker bertan daukagu ortua. Guztion artean lantzen dugu, eta ateratzen den ekoizpena guztien artean banatzen da. Hala ere, ortuak ematen duen elikagaia ez da nahikoa sareko kideak asetzeko, bereziki kide kaltetuenen egoera larria kontuan hartuta, eta horregatik elikagai bilketa ere abiatu genuen, Iruñeako Haritu sareak eta beste kolektibo batzuek egin bezala. Egun 25 familiari banatzen zaie otzara bat hilabetean, supermerkatuetan biltzen ditugun elikagaiekin. Teodora izeneko lurrak ere baditugu, eta bertan babak landatu ditugu, inguruko bizilagunen laguntzaz, frutarbolak ere landatuko ditugu laster…
Bost urte daramatza Herrizomak, nola heltzen zarete orain ikasturte berri honetara?
Zenbati gorabehera izan ditugu bost urteotan, baina esan dezakegu Herrizoma jada Alde Zaharrean errotutako kolektibo bat dela. Barne mailan ere militante dezente ditugu, eta aurrera eramaten ditugu gure erronkak. Ezaguna da gure antolakuntza, eta esan dezakegu haur izatetik igaro garela helduxeago izatera.

Elikaduraren arloan aritzen dira bestelako elikagai bankuak. Zertan ezberdintzen zarete haietaz?
Nire ustez garrantzitsuena da Herrizomako partaide bakoitza subjektu politiko gisa ikusten dugula, ez dugu jardun asistentzialista egin nahi. Langile klasearen parte gara denok, eta ez da ezberdintzen nor den "kaltetua" edo nor ez. Nik ikusten ditudanean elikagai bankuak profil konkretu bat ikusten dut ateetan eskatzen, eta profil konkretu bati ematen zaio eskura. Herrizoman, aldiz, ikusten dut denok gaudela batera. Momentu horretan saskia jasotzen aritu ala ez, berdin jartzen zaitu supermerkatuen atean, ortuan lanean, asanbladetan parte hartzen, etxegabetze bat gelditzen, auzoko gauzetan parte hartzen… hasiera batean beharretik etorri den jendeak ere jarraitzen du gaur egun militatzen, saskia jasotzen ez badute ere. Komunitate politikoa sortu nahi dugu guk. Asanblada bidez funtzionatzen dugu, ez da egitura hierarkiko bat, izenak ere hori erakutsi nahi du. Herrizoman asanblada bidez funtzionatzen dugun. Ez da egitura hierarkiko bat, izenak ere hori erakutsi nahi du. Formakuntza eta hausnarketa saioak izaten ditugu, arrazakeria lantzeko, edo klase borrokaren izaera, nazio ikuspegia… kontzientziak garatzeko. Gainera, jaso eta emateko modu ezberdinak daude. Agian orain batzuek behar dute beste batzuek baino gehiago, eta beste batzuk dira ematen dutenak gehiago, baina hori aldatzen doa.
Beste kolektibo batzuekin saretuta ere bazaudete, izan auzoan, edo Euskal Herri mailan.
Bai. Auzo mailan, esan bezala bost urte daramatzagu jada, eta auzoan aurretik zeuden beste kolektiboetatik ere jaso dugu jendea. Alde Zaharraren izaera guztiz txertatua dago Herrizoman, logotik hasita… Auzoan saretzeko ahaleginak egin ditugu, izan Goian elkartearen bidez, Auzoan Bizirekin Tira! Jaialdia antolatuz, edo bestelako ekimenekin. Aurten bereziki ari gara saiatzen auzoan indar gehiago sartzen, eta hor gaude adi etxegabetzeak daudenean gosariak banatzen, greba orokorrean ere gosaria eta bazkaria banatzen grebalariei, Zaharraz Harron parte hartzen… hasieratik egon da hautua auzoan presente egoteko, eta are gehiago indartu nahiko genuke. Ikuspegi lokal horretaz gain, Euskal Herri mailako beste hainbat kolektibotaz ere elikatzen gara. Horrek estrategia amankomun bat irudikatzen laguntzen digu, utopia elikatzen da, eta nazio mailako antolakuntzak ematen duen gorputz guzti horrek sarea elikatzen du, geziaren punta bideratzen laguntzen du, nora goazen, ez gelditzeko esperientzia isolatu gisa.

Eta nora zoazte? Zertarako balio du saretze horrek?
Laguntzen digu ikusten nola uztartu erreforma eta harago doazen proposamenak. Ikusten ere gatazka non dagoen elikaduraren arloan, estatu mailan zein Euskal Herrian. Seinalatzeko gaitasun gehiago ere ematen digu, irakurketa koiunturalak egiteko, politikaren norabideak aztertzeko… formakuntzarako balio digu, eta lupa ateratzeko: Hemen gaude gu, eta nora jo nahi dugu? Supermerkatuetan janaria biltzea ere saretik etorri zaigu, besteen ereduari jarraituz; irakaspenak partekatzeko espazioa ere bada. Utopia elikatu eta ekarbanatzeko akatsak eta lorpenak.
Ate irekiak antolatu dituzue azaroaren 27rako. Zer izango da bertan?
Lehenik, proiektua barrutik ezagutzeko aukera eskaini nahi genuen. Gertatu izan da batzuetan jendeak ez duela ulertzen nola parte hartu dezakeen, interesatzen zaie gure jarduna baina ez dakite nola hurbildu gehiago ezagutzera. Horretarako aukera izango da. Gainera gaztaina jana izango dugu, espazioa zabalduko da, eta bertan izango gara Herrizomako kideak harrera egiten. Kolektiboari gorputza jartzeko modua izango da.