ELA sindikatuak atera ditu ordezkari gehien Gasteizko Udaleko Langile Batzordea osatzeko egin diren hauteskunde sindikaletan. Orotara, sindikatu horrek bederatzi ordezkari izango ditu, erakundeak gaur bidali duen ohar baten arabera. Gasteizko Udalaren webgunean argitaratuta dagoen informazioari jarraiki, sindikatuak ordezkari bat galdu du, orain arte hamar ordezkari baitzituen. ELAren arabera, emaitzek "azken urteetan egindako lana babesten" dute.
Bigarren postuan CCOO geratu da, aurreko hauteskundeekin alderatuz ordezkari berri bat irabazita: sei ordezkari izatetik zazpi izatera igaro da. Ordezkaritza maila berdinean mantenduko dira gainerako sindikatuak: LAB (5), ESK (4) eta Sipla (2) polizia sindikatua. Azken honi berariaz erreferentzia egin dio ELAk, nabarmendu baitu "Udaltzaingoko sindikatu korporatiboen artean, batek bakarrik" lortu duela ordezkaritza hauteskunde horietan.