Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko egitarau zabala antolatu du Gasteizko Udalak. Azaroaren 25etik abenduaren 13ra bitartean, adin eta gustu guztietarako jarduerak izango dira hiriko hainbat gunetan: antzerkia, magia, zirkua, ipuin kontaketa, hitzaldiak, bisita gidatuak, dastaketak eta kontzertuak, besteak beste.
Euskara zerbitzuak ezagutzera eman duenez, egitarauaren ardatz nagusia abenduaren 3a izango da, Euskararen Nazioarteko Eguna bera. Egun horretan izango dira itzulpen sarien banaketa Izaskun Arrue Kulturgunean, familiei bideratutakoa Azken eguzkilorea ikuskizuna, kalejira eta Andre Maria Zuriaren plazako Gabonetako argien pizte ekitaldia. Jardunaldia amaitzeko, Danserie Ensemble taldearen kontzertua izango da San Pedro elizan.
Aurreko egunetan ere eskaintza zabala izango da. Umeentzako antzerkiak eta ipuin kontaketak antolatu dituzte auzoetako hainbat liburutegi eta gizarte etxetan; besteak beste Kokitoren Amona, Kokito eta India, Xocolat eta Ongi etorri paradisura ikuskizunak. Modu berean, herritarrek Gure Zirkuaren hainbat emanaldi ikusteko aukera izango dute Musika Pasealekuan, azaroaren 27tik abenduaren 12ra bitartean.
Helduentzako proposamenek ere izango dute tartea. Horien artean daude ogi eta oliba olio dastaketak, natura ibilbide gidatuak, toponimiari buruzko bisitak, sormen idazketako tailerrak edota emakume espioien inguruko hitzaldia Emakumeen Etxean.
Bestalde, azaroaren 25etik abenduaren 3ra arte Euskararen sarea ehuntzen txokoa egongo da zabalik egunero, herritarren parte hartzea sustatzeko helburuarekin. Egitarauaren azken txanpan, abenduaren 11n eta 13an, musika, zirkoa eta ikus-entzunezko sorkuntza izango dira protagonista. Nabarmenen artean daude Koimbra taldearen kontzertua eta ALEAren bideo-kopla lehiaketaren sari banaketa.