Diktadura frankistaren azken urratsetan, 1976an, euskal artista, poeta eta musikari talde batek ahotsa altxatu zuen Veneziako Biennale arte erakusketan, Amnistia denontzat lelopean. Berrogeita hamar urte geroago, gertaera haren indarrak bizirik jarraitzen du: Artiumek I Baschi alla Biennale 1976/2026 erakusketa inauguratuko du gaur, 18:30ean. Bildumak testuinguru politiko eta kultural hura berraztertzen du, egungo gizartea mugiarazten jarraitzen duten lekukotasun, dokumentu eta artelanen bidez.
Erakusketaren atzean dagoen ikerketak ate berriak zabaldu ditu, museoan azaldu dutenez. Hainbat dokumentu iturri aztertuz, artisten, erakundeen eta kultura eragileen arteko lotura eta sare ezezagunak azaleratu dituzte. "Bildutako materialek argi erakusten dute parte hartu zuten artistak beren garaiko eztabaida politiko eta kulturalen sustatzaile nagusiak izan zirela". Era berean, ibilbideak agerian uzten du nola elkartu ziren arkitektura frankistaren gainbehera, irekitze demokratikoaren aldeko borondatea, nazioarteko elkarlana eta antolaketa kolektiboko prozesu anitzak.
1976ko Veneziako Biennalea erregimen frankistaren indarkeria salatzeko ekimen zabalago baten barruan kokatzen da, kultura truketik sortutako nazioarteko kontzientzia gogora ekarriz. Horren lekuko dira erakusketan ikusgai dauden zenbait lan, tartean 1937ko Pabilioian Euzkadi sailaren parte izandakoak. Proiektu hartan sartzen dira, adibidez, Aurelio Artetaren (1879-1940) bi lan eta Jose Ortiz Etxagueren (1886-1980) argazkiak, setioaren eta biztanleria zibilaren sufrimenduaren lekukotza ematen dutenak.
Erakusketa honek Jaurlaritzak bultzatutako izen bereko proiektuan du jatorria, euskal kulturaren nazioarteko proiekzioa indartzea helburu duena. Ekimena Etxepare Euskal Institutuak bultzatu eta ekoitzi zuen, eta joan den maiatzean Veneziako 61. Biennalean aurkeztu. Artiumek proposamenaren garapenean zein komisariotzan parte hartu du, Veneziako Ca’ Foscari Unibertsitatearen eta Artingeniumen laguntzarekin.