Udalak berriro zigortu du haurrentzako jolasguneez arduratzen den azpikontrata

Zuriñe Prieto Gallego

Udaleko zerbitzu teknikoen ustez, arau hauste "oso larria da". GASTEIZKO UDALA

Laugarren aldia da Gasteizko Udalak Contenur enpresa zigortzen duena, kontratuan jasotako betebeharrak ez betetzeagatik.

Diru publikoarekin ordaindutako Contenur azpikontratak kontratuan ezarritako betebeharrak bete gabe jarraitzen du. Gasteizko Udalak 2.000 euroko beste zigor bat jarri dio hiriko haurrentzako jolasguneak eta gune bioosasungarriak mantentzeko eta zaintzeko ardura duen enpresari; ardura ez betetzeagatik ezarritako laugarren zigorra da, 8.000 euro guztira.

2023ko apirilean kontratua hasi zenetik aurkeztu behar zituen instalazioen inbentarioak entregatu gabe jarraitzen du Madrilgo enpresak, baita sei hilean behin egin beharreko eguneratzeak ere. Udalak dokumentazio hori guztia behar du udaleko jolasguneen egoera ezagutzeko, egindako jarduketak egiaztatzeko eta mantentze lanak planifikatzeko. Miren Fernandez de Landa zinegotziak jakinarazi duenez, derrigorrezko dokumentazioa behin eta berriz eskatu arren, epeak luzatu arren eta aurretik hiru zigor ezarri arren, enpresak betebehar hori egin gabe jarraitzen du. Udaleko zerbitzu teknikoen ustez, arau hauste "oso larria da", zerbitzua behar bezala gainbegiratzeko sortzen dituen zailtasunengatik.

Contenur enpresak horrelako zehapen gehiago pilatu ditu Estatuan, hainbat kontratu publiko ez betetzeagatik. Besteak beste, Kordobako saneamenduko enpresa publikoak bi aldiz jarri dio isuna; 230.055 euroko zigorra ezarri zioten 2025ean, hirigunean edukiontziak aldatu eta ezartzean emandako atzerapenengatik.

Gasteizko Udalak kontratua 2023ko martxoan esleitu zion Contenuri eta ordutik bi alditan luzatu diote. Lehenengo luzapena 2025eko otsailean onartu zen eta bigarrena 2026ko otsailean. Azken hori 2027ko apirilera arte egin zioten enpresari, aipatutako arau hauste horiek izan arren. Udalak jakinarazi duenez, ordaintzeke dauden zenbatekotik deskontatuko diote zigor berria enpresari.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago