Garazi Arrula eta Julen Gabiria, itzulpen sariak

Arrularen kasuan, Andre Carrilhoren lana euskaratu du. ERRAN

Egile bakoitzak 9000 euro jasoko ditu, Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera egingo den sari banaketan.  

Gasteizko Udalak antolatutako Haur eta Gazte Literaturako lanen euskarazko itzulpen onenen 23. sariek Garazi Arrula Ruiz eta Julen Gabiria Lara saritu dituzte. Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen dituen sariek 9.000 euroko diru saria dute kategoria bakoitzean.

Garazi Arrulak haur literaturaren kategorian jaso du aitortza. Andre Carrilho idazle eta ilustratzailearen A menina com os olhos ocupados lana euskaratu du, Begiak beste nonbait dituen neskatxa izenburupean argitaratua. Bestalde, Julen Gabiriak gazte literaturaren kategorian lortu du saria Joe Saccoren Footnotes in Gaza lanaren euskarazko itzulpenagatik, Gazako oin-oharrak izenburuarekin.

Aurtengo deialdian 25 lan aurkeztu dira guztira: 16 haur literaturaren kategorian eta bederatzi gazte literaturarenean. Epaimahaia Mario Unamuno Plazaolak, Karlos Del Olmo Sernak, Ainara Ruiz Benitok, Itziar de Blas Fernandez de Gamarrak eta Miren Ibarluzea Santistebanek osatu dute. "Sari hauen bidez, haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzen lagundu nahi dugu, eta, aldi berean, itzultzaileek euskarazko kalitatezko literatura lanak haiengana hurbiltzeko egiten duten funtsezko lana aitortu", adierazi du Maria Nanclares Euskara zinegotziak. Sari-banaketa abenduaren 3an egingo da, Euskararen Nazioarteko Egunean, Izaskun Arrue Kulturgunean.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago