Ardoaraba abenduaren 4an itzuliko da, espazio berriekin

Ardoa dastatzeko hainbat saio izango dira azokan. ARDOARABA

Hemeretzigarren edizioak 70 upategi eta 200 ardo erreferentzia bilduko ditu Gasteizen.

Abenduaren 4tik 8ra bitartean, Ardoarabaren hemeretzigarren edizioa hartuko du Gasteizek. Azoka enogastronomikoak lurraldeko edariak eta tokiko jakiak uztartuko ditu berriro Gabon aurreko egunetan, Plaza Berria, Probintzia plaza eta Foru plaza familian edo lagunartean dastatzeko topagune bilakatuta.

Edizio berri honek nobedadeak dakartza. Lehenik, Arkabia espazioa estreinatuko dute jardueretarako eszenatoki gisa, Txoko Gastronomikoarekin batera, ardoa, txakolina, sagardoa eta tokiko gastronomia haurrei zein helduei gerturatzeko. Bigarrenik, gozokiak sartuko dira lehen aldiz ostalaritza ibilbidean; eta hirugarrenik, Wine City elkarteak barretako dastatzeak antolatuko ditu. Gainera, Foru plazan Gure Ardoak eta Summum. Palabra de vino zikloa egongo dituzte, Jungitu enologoaren solasaldiekin, eta 19 jatetxek 41 menu berezi prestatuko dituzte.

Guztira, 70 upategik parte hartuko dute 200 ardo erreferentzia ingururekin; Arabako Errioxako ardoak, txakolina eta sagardoa barne, eta eskaintza janari aldetik 40 pintxok eta ostalaritza ibilbideko beste 156 proposamenek osatuko dute. Talonarioak 22 euroko prezioa eta 28 puntu izango ditu karpetan, atxikitako establezimenduetan eta Txoko Gastronomikoan trukatzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago