Uhalde-enararen Atariako koloniak ugalketaren markak hautsi ditu

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

Atariako uhalde-enararen kolonia. GASTEIZKO UDALA

Gasteizko beste eremuetan espeziea oso urria da, eta azken hamarkadetan hainbat kolonia historiko desagertu dira.

Gasteizko Salburuko Ataria interpretazio zentroaren uhalde-enararen (Riparia riparia) koloniak marka berria lortu du: 74 habia okupatu eta zenbatu baitira, Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Unitateak egindako zenbaketa eta jarraipenaren arabera.

Espeziaren egoera kezkagarria zela eta, 2010ean, Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Unitateak kolonia artifiziala eraiki zuen, bereziki diseinatua, Ataria barruan ugalketa errazteko. Eraikin horrek ibai baten ezponda hareatsua simulatzen du, eta hormetan 304 hodi jarri ziren, muturretan habia egiteko ganbera batzuk dituztenak. Kolonia 2013an hasi zen finkatzen, uhalde-enararen lehen sei bikoteak bertan kokatu zirenean, eta, pixkanaka, populazioa handituz joan da, 2026an goia jo arte, 74 habia beteta.

Gasteizko gainerako eremuetan espeziea oso urria da, eta azken hamarkadetan hainbat kolonia historiko desagertu dira. Horietako bat Errekaleor errekan zegoen. Gaur egun, ordea, ezponda batzuetan noizbehinkako ugalketa bakartiak baino ez dira gertatzen. Alta, 2022an, espeziea Zadorra ibaiaren gaineko Astegietako zubian ere ugaltzen hasi zen, eta aurten bost bikote hartu ditu bertan.

Txikienetakoa

Uhalde-enara Europako enara espezie txikienetakoa da, eta 13 zentimetrotik beherako tamaina du. Goiko aldea arreko kolorekoa du, eta kolore berekoa da bularra zeharkatzen dion marra bereizgarria ere, bular zuriaren gainean kontraste handia eginez.

Intsektuez elikatzen da, eta hegazti migratzailea da. Horregatik, Salburua bezalako eremuetan ugalketa amaitu ondoren, Afrikako lurretara abiatzen da negua Saharaz hegoaldean igarotzeko. Beraz, orain, udazkenean, hazkuntza amaitu ondoren, okupatu diren habiak garbitu eta desinfektatu egiten dira, eta, horrela, datorren urtean egoera ezin hobean egongo direla bermatzen da, leku horretan haztea erabakitzen duten bikoteak hartzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago