Gasteizko Arrazakeriaren Kontrako Asanbladak bideo batzuk igo ditu sare sozialetara, Wonders taberna seinalatuz, "pratika arrazistengatik". Salaketaren arabera, Independentzia kalean dagoen tabernan arabiar itxura daukatenei bakarrik kobratzen diete azukrea, hamar zentimo gehiago. "Gasteizko taberna honetan azukrea garestiago ateratzen zaizu arabiarra edo arabiar jatorrikoa bazara. Hainbat kexa jaso eta pare bat aldiz froga egin ondoren, erabaki dugu kasua publiko egitea eta jendea taberna boikoteatzera animatzea", diote asanbladatik.
Bideoetan grabatu dituzte praktika horien frogak, eta bertan ikusi daitekeenez, arabiar jatorriko bezero batzuei azukrea kobratzen dieten bitartean, ez dute berdin jokatzen gainerako bezeroekin. Pertsona batzuk tabernako barrara gerturatu eta praktika horren zergatia galdetu ondoren, bertako langileak onartzen du enpresako politika dela: "Ez daukat ezer arabiarren aurka, baina enpresa kontuak dira".
Bideoan agertzen den langilearen hitzetan, "batzuk hona etortzen dira bi kaferekin bakarrik eta goiz osoa ematen dute hemen. Talde txiki horiei azukrea kobratzen diegu". Salatzaileek, argudio horri aurre eginez, "hau ez duzue ezagutzen eta kobratu diozue" erantzun diote langileari, praktika arrazista jasan duen bezero bat adibidetzat jarrita. "Itsusi samarra izan daiteke, baina batez ere profil horretakoak dira", dio langileak bideoan.
2025ean beste motatako salaketak jaso zituen ere Wonders tabernak. Hainbat langile ohik publikoki salatu zuten enpresa, "soldatak ez ordaintzeagatik eta epaia ez betetzeagatik".
Oraingo honetan, Arrazakeriaren Kontrako Asanbladak Wonders tabernari boikota egiteko deia egin du, jarrera arrazisten "inpunitatearekin" amaitzeko. Eraso arrazistak pairatuz gero, asanbladarekin kontaktuan jartzea eskatu dute.
Ver esta publicación en Instagram
Ver esta publicación en Instagram