Egungo tokiko barazkien kontsumoa halako hamar handitzeko beharrezko lurzoru kopurua zehaztu du Gasteizko Udalak. IGI Ingurumen Gaietarako Ikastegiak egindako ikerketa baten arabera, hirian kontsumitzen diren barazki, fruta eta fruitu lehorren %10 eskualdean ekoiztea "bideragarria" litzateke, horretarako behar den nekazaritza lurzoru guztia Gasteizko Nekazaritza Eraztunaren barruan kokatu daitekeela iritzita. Gaur egun, aurretik egindako ikerketa baten arabera, kontsumoaren %1 baino ez dagokio tokiko ekoizpenari.
Orotara, Nekazaritza Eraztunak 744 hektarea ditu, eta udalaren ustez funtsezko eremua izan daiteke etorkizuneko nekazaritza eta elikadura politiketarako. Borja Rodriguez Ingurumen zinegotziaren esanetan, ikerketaren aurkikuntza nagusia da beharrezko azalera osoa Nekazaritza Eraztunaren barruan integratu daitekeela, ikuspegi "agroekologikotik" tokiko ekoizpena "indartzeko" aukera eskainiz.
Lan berriak 2025ean egindako beste azterlan bati eman dio jarraipena. Ikerketa hark erakutsi zuen elikadura ohitura "osasungarriago eta jasangarriagoak" hartuz gero, hiriko elikaduraren lurralde aztarna 41.287 hektareatik 24.815 hektareara murriztu litekeela.
Gaur egungo kontsumo ereduan, barazki, fruta eta fruitu lehorren eskariaren %10 ase egiteko 441 hektarea behar dira. Dieta "jasangarriago" baten agertokian, berriz, 680 hektarea beharko lirateke, Nekazaritza Eraztunaren azalera osoaren %91 inguru.