Kulunka konpainiak eta Iñaki Rikarte zuzendari eta antzerkigile gasteiztarrak abiatuko dute Gasteizko udal antzoki sarearen neguko denboraldi berria abenduaren 16an eta 17an Ibañez de Matauko antzokian, Herentzia euskarazko eta gaztelaniazko lanekin. Abenduko giroan murgilduta, Garazi Esnaola pianista lizartzarrak Ez gaude hemen bakarkako proiektua aurkeztuko du, LaMov konpainiak Don Juan dantza ikuskizuna estreinatuko du, Joaquin Reyes protagonista duen La verdad komediak bikote harremanetako gezurrak jarriko ditu agerian, eta Yllana eta Primital Brothers konpainien Madness ikuskizunak umorez eta a capella kantuz agurtuko du urtea.
Urtarriletik martxora bitartean, helduentzako antzerkiari dagokionez, Txalo Produkzioak konpainiak Bi palillo eta karabina bat ekarriko du oholtzara Kepa Errastiren zuzendaritzapean eta Aitziber Garmendia, Joxe Ramon Soroiz eta Sara Cozar aktoreekin; Khea Ziaterrek geltoki bateko komuneko istorioak bilduko ditu I'm bath lanaren saio elebidunean; eta Tentazioa konpainiak Elkarrekin berriz aurkeztuko du Kepa Errastirekin. Musikari dagokionez, Janus Lesterrek Popera kontzertua emango du eta Olatz Salvadorrek bere lan berriena aurkeztuko du Zainak eman zuzenekoarekin. Familientzako eskaintzan euskara izango da nagusi: Hamelingo txirularia musikala, Euskadiko Orkestraren Mozart, Nannerl eta lagunak kontzertua, Gorakada taldearen Enperadorearen jantzi berria, Lasala konpainiaren Alai familian dantza ikuskizuna eta Gasteizko Udal Musika Bandak Margaritas Yellowrekin eskainiko duen Alegien hotsak.
Gainerako proposamenek izen handiko antzezlanak, dantza garaikidea, zirkua, umorea eta zarzuela uztartuko dituzte. Sergio Peris-Menchetaren zigilupean iritsiko dira Donde crecen los tarays eta Blanca Portillo eta Almudena Cid protagonista dituen 7 minutos; Ane Gabarainek Millan Astrayren erretratu ironikoa egingo du Cantando bajo las balas lanean; Leonardo Sbaragliak Los días perfectos aurkeztuko du; eta Manuela Velasco, Miguel Rellan eta Juan Carlos Vellido La muerte y la doncella draman arituko dira.
Horiez gain, ikusgai izango dira Invisible eleberriaren egokitzapena, Cesc Gayren 53 domingos komedia, Oriol Plaren Gola, Libres!!! obra feminista, Arthur Millerren Panorama desde el puente klasikoa, Silvia Marsoren Las chicas del 27, Teoría King Kong eta Sahara, la barca del desierto. Diziplina aniztasuna osatuko dute Hovik Keuchkerianen Grito bakarrizketak, Leandre Riberaren Fly me to the moon zirku ikuskizunak, Zarzuela en la villa muntaiak, Marcat Dance, Emilie Camacho eta Lucia Lacarra Ballet konpainien dantza proposamenek, eta martxoaren 7an irisgarritasun neurriekin eskainiko duten Los ladrones del tiempo familia lanak.
Bestalde, XXI. Mendeko Flamenkoa zikloaren 30. edizioak bost kontzertu eskainiko ditu larunbatetan, 19:30ean, Ibañez de Matauko antzokian, Argentina, Jose Valencia, Sandra Carrasco eta David de Arahal, Gregorio Moya eta Antonio Reyes artistekin.
Neguko denbotaldiko sarrerak abenduaren 1ean jarriko dira salgai, 10:30etik aurrera, principalantzokia.janto.es webgunean, turismo bulegoko leihatilan eta 945 161 045 telefonoan; flamenko ziklorako abonamenduak, berriz, abenduaren 9an eskuratu ahal izango dira eta sarrera solteak abenduaren 15ean, bi egunetan 16:00etatik 18:00etara, ohiko bide berberak erabiliz.