Gogoraren "zabarkeria" salatu dute hainbat elkarte memorialistek

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

Espainiako Falangearen elkarretaratzea 2025an. ALEA

Espainiako Falangearen kontrako prozedura behin betiko zigorrik gabe artxibatu da, legeak ezarritako sei hilabeteak igaro ondoren Gogorak ebazpenik jakinarazi gabe.

Espainiako Falangeak 2025eko urriaren 12an Gasteizen egindako elkarretaratzearen ondoren, hamalau elkarte memorialistek, tartean Martxoak 3 elkarteak eta Arabako Ateneo Errepublikanoak, salaketa aurkeztu zuten Gogora Institutuaren aurrean. Alta, gai formalak direla eta, Gogorak salaketa artxibatu egin du.

Elkarte memorialistek Gogorari "arduragabekeria", "zabarkeria" eta "borondate falta" leporatu diote horregatik. Izan ere, azaldu dutenez, Espainiako Falangearen kontrako prozedura behin betiko zigorrik gabe artxibatu da, legeak ezarritako sei hilabeteak igaro ondoren Eusko Jaurlaritzaren erakundeak ebazpenik jakinarazi gabe. 

Memorialistek uste dute institutuak ahalbidetu duela Falangek izapideak atzeratzea legezko epea agortu arte, eta azalpenak eskatu dituzte Gogorak zergatik ez duen lortu lehen prozedura legezko epearen barruan ebaztea.

Elkarte memorialistek salaketa aurkeztu zuten ekitaldian frankismoaren gorespen adierazpenak eta diktaduraren biktimekiko adierazpen iraingarriak egin zirela uste dutelako. Gogora Institutua urrian hasi zen gertakariak ikertzen, eta 2026ko martxoaren 13an erabaki zuen zehapen prozedura formalki irekitzea. Duela bi aste jaso zuten Gogoraren jakinarazpena elkarte memorialistek. Alberto Alonso Gogora institutuko zuzendariak berak adierazi zien zehapen espedientea "iraungi" egin zela, eta, beraz, artxibatu beste aukerarik ez zutela.

Elkarteek artxibatzearen aurkako berraztertze-errekurtsoa iragarri dute, eta ez dute baztertzen auzitara jotzea eskaera atzera botaz gero.

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren arabera, Gogora Institutuak erabaki du lehen prozedura ixtea, zehapen-jarduera berri baten segurtasun juridikoa bermatzeko. Gobernuak dio beste espediente bat irekiko duela Falangeren aurka, eta dagoeneko bildutako dokumentazioaren eta frogen zati bat erantsi ahal izango duela. Beraz, ikerketak ez luke hutsetik hasi beharko, nahiz eta izapide jakin batzuk errepikatu beharko liratekeen.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago