Gasteizko Zaramagako behin behineko harrera zentro berriak etxerik gabeko pertsonentzat zein langileentzat dituen baldintza "onartezinak", "segurtasun falta larria" eta "baliabide eskasak" salatu ditu ESKk. Premiazko neurriak exijitu ditu sindikatuak erabiltzaileak eta langileak "jasaten ari diren utzikeriaren aurrean".
ESKk kritikatu du, gainera, udalak plaza kopurua handitzea aurreikusi duela (40tik 60ra igaroz), instalazioak hobetu eta segurtasuna bermatu gabe. Hala, azaroaren 23tik aurrera, 20 plaza gehiago irekitzea aurreikusten du udalak, eta bi langile gehiago baino ez ditu gehituko. Plana 20 pertsona horiek 10 ohatzetan hartzea da, 30 metro karratu baino gutxiagoko gela batean, esan dutenez.
Sindikatuak azaldu duenez, behin betiko obrak egingo zirela agindu bazen ere, urtebete geroago zentroak berdin jarraitzen du, eta gainera kudeaketa kontratua (ia 120.000 eurokoa) lehiaketa publikorik gabe luzatu zaiola Grupo 5 enpresari.
Beldurrarekin lanera
Besteak beste, azpiegitura eta higiene falta salatu dute. "Zentroak ez du dutxarik, eta lau komun ontzi eta bi konketa soilik ditu 40 pertsonarentzat. Gainera, berriz ireki zenetik bi hilabete eta erdian ez da garbiketarik edo desinfekziorik egin", esan dute.
Langileen segurtasun falta eta plantilla eskasa ere aipatu dituzte: "Txanda bakoitzeko bi langile bakarrik kontratatu dira 40 pertsona baino gehiagori arreta emateko. Ez dago larrialdi planik ezta segurtasun langilerik ere, eta larrialdiko ateak blokeatuta daude sarbidea kontrolatu ahal izateko".
Langileak beldurrez joaten dira lanera esan du ESKk, eta aipatu du zehazki erantzunik ez dagoela ez udalaren aldetik ezta enpresa kudeatzailearen aldetik ere indarkeria kasuak daudenean. "Arma zuriz egindako eraso baten ondoren, Gasteizko Udalak eta kudeatzailea den Grupo 5 enpresak ez dute ikerketarik abiatu, ezta langileei laguntza psikologiko zein juridikorik eskaini ere.
Gainera, prebentzio eta protokolo falta daudela aipatu dute, eta ez dela laneko arriskuen ebaluaziorik egin. "Langileek ez dituzte gatazka edo larrialdietarako jardun-protokoloak ezagutzen". Halaber, gizarte zerbitzuekin koordinaziorik eza ere aipatu dute: "Zentroa koordinazio figurarik gabe ireki da, gizarteratzeko ibilbideak eragotziz".