Alaba bat atxilotu dute, amari eraso egitea egotzita

Udaltzaingoak hiru atxiloketa egin ditu ostegunean. GASTEIZKO UDALA

Agenteek odolez beteta aurkitu dute biktima, alabak sukaldeko tresneriarekin haren aurka egin ondoren.

Gasteizko Udaltzaingoak 39 urteko emakume bat atxilotu du, biak etxean zirela bere amari eraso egiteagatik. Zaramaga auzoan gertatu da erasoa, atzo, arratsaldeko laurak aldera. Ordu horren bueltan udaltzainek dei bat jaso dute, eta salatutako tokira bertaratu direnean odolez betetako emakume bat aurkitu dute kalean. Andreak agenteei esan die etxean alabak bortizki eraso egin diola, oharrak zehaztu ez dituen sukaldeko hainbat tresnarekin. Ohi bezala, agenteak ustezko erasotzailearekin mintzatu dira ere, bai eta gertakariaren hirugarren lekuko batekin. Testigantzak eta amaren egoera aintzat izanda, alaba atxilotuta eraman dute, etxeko indarkeriari lotutako erasoa egotzita.

Atzo gaueko hamarrak aldera, bestetik, 45 gizonezko bat atxilotu dute, emakume batekiko urruntze agindua ez betetzea egotzita. Posta pasabideko ostalaritza batean aurkitu dute, zehaztu ez dituzten sustantzia estupefazienteak kontsumitzen ari zenean, eta bi emakumerekin hizketan ari zela. Hurbildu direnean konturatu dira gizonezkoak emakume horietako batekiko urruntze agindua zuela, eta, hortaz, atxilo eraman dute. Azkenik, beste emakume bat Espainia plazako ostalaritza lokal batean atzeman dute. Udaltzaingoaren arabera, 42 urteko andreak bi ordu zeramatzan tabernako langile eta bezeroei enbarazu egiten, alde egiteko eskatu diotenean, "erresistentzia aktiboa zein pasiboa" agertu die agenteei. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago