Zerbitzua martxan jartzeak Erne eta CCOO sindikatuek eragindako presioei erantzuten die. Langileen prestakuntzan atzerapenak egon dira; erabiltzeko protokoloa uztailean itxi zen, eta, ondoren, agenteen trebakuntza eta dagokion euskarri teknikoaren prestaketa egin dira. Armek 50.000 volterainoko deskargak igortzeko gai dira.
Lehenengo bi taserrak, kamerekin batera, 2024an erosi zituzten, 32.705 euroren truke. Iazko azaroan, beste pare bat erosteko lizitazio prozedura abiatu zuten, 17.958 euroan. Azkenik, udan beste hiru eskuratu zituzten, 30.994 euroan baloratuak. Guztira 81.659 euro gastatu dute zazpi taser pistolatan, eta aurrerantzean mota horretako arma gehiago erosiko dituztela adierazi du Fernandez de Landak.
Udal gobernuak ziurtatu du ez direla hilgarriak, baina gaia polemikaz inguratuta dago. Euskal Herrian, azken bi urteetan, bi gizon hil dira polizia deskargak jaso ondoren, Astigarragan eta Santurtzin.