Salburuko interpretazio zentroak, Atariak, erakusketa berri bat inauguratuko du larunbatean. Modaren B aldea. Ekoizpena, kontsumoa eta inpaktua, egunero janzten dugun arropak ezkutatzen duen aztarna ekologikoari buruzko erakusketa da.
Fashion Revolution nazioarteko mugimenduko kide Airi Ferrerrek sortua, erakusketak urratsez urrats aztertzen du jantzi baten balio kate osoa. Informazio panelen eta ikusizko instalazioen bidez, fase bakoitzari lotutako prozesuak eta arazoak erakusgai egongo dira: lehengaiak eskuratzetik hasi, irutea eta ehungintzatik igaro, diseinua, jantzigintza, akabera kimikoak eta logistika barne, eta salmenta puntuetara, etxeko erabilerara eta produktuaren bizitza erabilgarriaren amaierara iritsi arte. Erakusketak hausnartzera gonbidatu nahi ditu herritarrak, moda sortzeko prozesu osoa disezionatuz.
Erakusketak, gainera, kontsumo eta ekoizpen eredu arduratsuagoen alternatibak jasotzen ditu, industriarako material alternatibo, birziklatu edo birsortzaile berrien adibideekin batera. Modu jasangarrian egindako jantziak ere ikusi ahal izango dira, hala nola upcycling edo zero waste patroigintza teknikak erabiliz sortutakoak.
Erakusketa urtarrilaren 6ra arte bisitatu ahal izango da Atarian, asteartetik igandera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.