Negurako oheen zerbitzua 116 egunera luzatuko da

Aurten 62 plaza egongo dira, lau hilabete inguruz. GASTEIZKO UDALA 

Etxerik ez eta kalean lo egiten dutenentzako baliabidea ia lau hilabetez egongo da martxan.

Gasteizko Udalak ia bi hilabete luzatu du kalean edo leku desegokietan lo egiten duten pertsonei eskaintzen dien Neguko Arreta Zerbitzua. Udalak gaur esan duenez, negu honetan baliabidea 116 egunez emango dute, esku hartze sozial hori 59 egunez gehituz. Hala, negu honetan zerbitzu datorren astelehenetik aurrera ematen hasiko dira, eta martxoaren 19ko goizera arte mantenduko da. 

Gizarte Politiken zinegotzi Lucho Royerok gaur esan duenez, "etxegabetasunaren errealitateak erantzun jarraitua, aurreratua eta baliabideduna" eskatzen du. Dioenez, "dispositiboa etengabe eta denbora luzeagoan martxan egongo denez", zerbitzua negu osoan zehar eman ahalko dute.

Orotara, dispositiboak gaua igarotzeko 62 plaza izango ditu —iaz baino lau plaza gutxiago—, hiriko lau espaziotan banatuta: 30 Arkupeetako egoitzan, 20 Zaramagan, 6 Goiurin eta beste 6 Harrera Sozialerako Udal Zentroan. Udalak dio lau plazen murrizketa horren arrazoia dela irailean gaueko harrera iraunkorreko 40 plaza ireki zirela Zaramaga Aterpean, eta beste 12 tutoretzapeko etxebizitza batean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago