Gasteizko Eguberrietako kultur egitarauak hainbat ekitaldi eskainiko ditu abenduaren hasieratik urtarrilaren erdialdera bitartean. Egitarauaren bueltan, Olentzero eta Mari Domingiren basoa, Florida parkeko jaiotza tradizionala, eta izotz pista nabarmentzen dira. Gainera, haurrentzako ikuskizunak, musika emanaldiak, K-pop tailerrak eta kirol probak antolatu dira herritar guztientzat.
Hainbat gune desberdinetan, hala nola gizarte etxeetan eta antzokietan, antzerkia, magia eta zine emanaldiak izango dira. Halaber, urtea agurtzeko eta hasteko kalejirak, Errege Magoen etorrera eta haur parkea izango dira abenduaren amaieran eta urtarrilaren lehen egunetan.
Gabonetako egitarauak haurrentzako eta familientzako eskaintza oparoa eskainiko du:
- Olentzero eta Mari Domingi: Abenduaren 4tik 27ra bitartean, Olentzero eta Mari Domingiren basoa bisitatu daiteke Zulueta jauregiko lorategietan, gutunak uzteko. Gainera, abenduaren 24an, udaletxean harrera egingo zaie haurrei goizez, eta arratsaldean Olentzeroren desfilea egingo dute hiriko kaleetan zehar.
- Errege Magoak: Urtarrilaren 5ean iritsiko dira tren geltokira, agurra egingo dute Plaza Berrian, umeentzako harrera Goiuri jauregian eskainiko dute eta arratsaldean Errege Kabalgata ospatuko da.
- Eguberrietako Haur Parkea: Europa Biltzar Jauregian egongo da zabalik abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra bitartean, 14 urtetik beherako haurrentzako atrakzio eta jolas ugarirekin.
- Gasteizko Haur Ikuskizunen XXIII. Erakustaldia: Mendizorrotzeko kiroldegian hiru ikuskizun nagusi taularatuko dira arratsaldeko 18:30ean:
-. Abenduak 26: Alicia en su país de las maravillas musikala.
-. Abenduak 27: Loa eta Laia zuzenean kontzertua.
-. Abenduak 28: Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoen Musu bete urte saioa. - Butaka Txikia Zikloa: Hiriko gizarte etxeetan (Lakua, Aldabe, Hegoalde, Iparralde, Ibaiondo, Zabalgana, Arriaga eta Salburua) hainbat haur ikuskizun eta antzezlan antolatuko dira (hala nola Pañuelos, Ama, Amama, Mamuak, Nallar, Hodei guztien gainetik, Sentsazioak magia-ikuskizuna, Frikis, El viaje de Nuru eta Pulcinella Txio Txinela).
Bestalde, Florida parkean izotz pista egongo da erabilgarri abenduaren 11tik urtarrilaren 6ra, abenduaren 31n Erraldoi eta Buruhandien kalejira ospatuko da, eta urtarrilaren 3an Hamelingo Txirularia familia-ikuskizuna ikusi ahalko da Felix Petite antzokian.
"Gabonak oso garai familiarra dira, topaketak egiteko eta lagunartean gozatzeko garaia. Horregatik, beti saiatzen gara programazioak horri erantzun diezaion, txikiengan arreta berezia jarriz, tradizioak errespetatuz eta beti egun horietan sortzen den giro berezi hori bultzatzen saiatuz", esan du Sonia Diaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.