Vital Fundazioak egoitza berria inauguratua du Gasteizen, Arkabia gune kulturalari 530 metro koadro gehiago gehituz. Olagibel kaleko 2. zenbakian kokatutako 740 metro koadroko egoitza berria bulego-etxe ereduaren arabera diseinatu dute, erakundearen arabera: giro "beroa, erosoa eta funtzionala" eskaintzen du, bulego korporatibo tradizionalekin zerikusirik gabe. Material naturalek, haritz-zurak, ehun naturalek eta ardi latxaren artileak presentzia nabarmena dute, eta laneremu irekiak kontzentraziorako guneekin eta bideokonferentzietarako kabinarekin bateratzen dira. 130 metro koadroko espazio publikoa du ere, aurkezpenak, prentsaurrekoak eta ekitaldiak antolatzeko.
Arkabia, berriz, 2.800 metro koadrotik 3.330 metro koadrora hazi da. Zabalkuntzarekin erakusketa areto berria —Arkabia Pagoa—, erabilera anitzeko aretoa —Arkabia Urkia—, prestakuntza aretoa, informatika gela eta podcastak eta ikus-entzunezko ekoizpena sortzeko gela berezia gehitu dituzte. Gune hauek tokiko eragileen kultura, prestakuntza eta gizarte jarduerak indartzeko pentsatuta daudela dio erakundeak.
Aurkezpen ekitaldian Vital Fundazioko presidente Jon Urresti, zuzendari exekutibo Idoia Aguillo eta fundazioko kzuzendari Arantxa Ibañez de Opacua izan dira. "Egin dugun eraldaketa horrek aukera ematen digu espazio hobeak eta tresna berriak izateko ideia bat dutenengandik, proiektu batean ilusioa dutenengandik, premia bat bizi dutenengandik eta gure Lurraldeko kulturaren, ongizatearen eta enpleguaren alde egunero lan egiten dutenengandik gertu izateko", adierazi du Urrestik.