Baskoniaren partidan Palestinaren alde egindako keinuak zigortzea salatu dute

Zuriñe Prieto Gallego

Palestinarekin Elkartasuna plataformak aurten egindako agerraldi bat. PALESTINAREKIN ELKARTASUNA

BDZ Gasteizek Hapoel-Baskonia partidan izandako murrizketak salatu eta Maccabiren aurkakoa bertan behera uztea eskatu du.

Joan den asteartean Tel Aviveko Hapoel taldeak Gasteizko Buesa Arena pabiloian jokatu zuen, boikoterako eta mobilizaziorako deien artean. Gasteizko BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak) taldeak salatu duenez, Palestinako banderak debekatu zituzten, "Kirol Legediaren aitzakian herritarron eskubide zibil eta politikoak urratuz". Pabiloira sartu ziren zenbait jarraitzailek bandera horiek erakutsi zituztenean, "Ertzaintzaren jazarpena eta tratu iraingarria" jasan zutela nabarmendu dute, NBEk berak onartutako ikurra izan arren.

Era berean, Baskonia klubaren jarrera ere kritikatu du BDZk, "ordezkari israeldarrei harrera egin eta haien itxura garbitzeko ekitaldia egiteko baliabideak behin eta berriz jartzen dizkielako". Gainera, zaleen eta ikusleen eskubideak urratu izana leporatu diote klubari: elkartasun ikurrak debekatzeaz gain, bazkide ez ziren herritarrei pabiloira sartzea ukatu baitzien. Instalazioaren jabea den Foru Aldundiak horrelako jokabideak baimentzea "utzikeria iraingarritzat" jo dute, erakunde pribatu batek azpiegitura publiko baterako sarrera debekatu zielako herritarrei.

Palestinarekiko elkartasun adierazpenen eta genozidio salaketen aurkako kriminalizazioa gero eta handiagoa dela salatu dute. BDZren iritziz, horrelako partidek Israelgo erregimenaren itxura garbitzea dute helburu, eta "posible egiten duten eragile guztiak estrategia horren ezinbesteko kolaboratzaileak dira". Halako ekitaldiak bertan behera uztea exijitu du BDZ Gasteizek, eta herritarrak eskubide murrizketak errepikatzea onartzeko prest ez daudela argudiatu. Lehen urrats modura, datorren abenduaren 4rako aurreikusita dagoen Baskonia eta Maccabiren arteko partida bertan behera uzteko eskaera zuzena egin du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago