Hip hop kulturari keinu berezia egingo dio Jazz Uhinak zikloak XXI. edizioan

Jazz Uhinak programaren XXI. edizioa aurkeztu du Jazzargia elkarteak. GASTEIZKO UDALA

Jazzargia elkarteak antolatutako egitarauak sei kontzertu bilduko ditu Jesus Guridi kontserbatorioan, tokiko eta nazioarteko proposamenak uztartuz.

Bi hamarkadatik gorako ibilbidearen ostean, Jazz Uhinak ekimenak talentu berriak deskubritu, artistei lagundu eta jazzaren adierazpen guztiak zabaltzearen alde egiten jarraitzen du, tokiko proposamenak eta nazioartekoak uztartuz eta bere bokazio didaktikoari eutsiz.

Edizio berriak sei kontzertu bilduko ditu Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan, azaroaren 24tik apirilaren 20ra bitarte, 19:00etan. Carlota Urdiales (azaroak 24), Jerico Gospel (abenduak 15), Antton Aranburu eta Pablo Fernández Arrieta (urtarrilak 19), Jesus Guridi kontserbatorioko eta Luis Aranburu Udal Musika Eskolako comboak (otsailak 9) eta Leyre Perrino eta Choby Santoro (martxoak 9) arituko dira, neo soula, gospela, egile abestiak, flamenkoa eta Brasilgo musika uztartuz.

Zikloa apirilaren 20an itxiko dute, Jazz Erraldoiak kontzertu handiarekin: N-Wise Allah, Original Juan eta Xcese ft. La banda de ondas emanaldi bereziarekin. Aurreko edizioan estreinatutako formatua errepikatuko du berriro zikloak, kasu honetan hip hop kulturan murgilduz, garrantzi historikoa izan duten izenekin eta euskarak generoan duen garrantzia islatuz.

Kontzertuez gain, publikoak artistekin elkartzeko saio irekiak izango ditu emanaldien aurreko astelehenetan, 19:00etan, Kora Green City hotelean, elkarrizketa informala sortzeko helburuarekin. Sarrerak dagoeneko salgai daude Jazz Uhinak zikloaren webgunean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago