Indarkeria matxistaren biktimentzat hitzemandako zentroa zabaltzeko eskatu dute

GOFEren bulegoetan egin dute protesta BHZko langileek. ALEA

Hamasei pertsonarentzat pentsatutako zentroko langileek 30etik gora artatu behar izaten dituzte egunero. 2021etik %282 hazi da artatutako pertsonen kopurua, eta zortzi aldiz zentro berri bat hitzeman badiete ere, ez da zabaldu. Emakumeen babesgabetasuna salatu dute langileek.

Agerraldia egin dute gaur indarkeria matxistaren biktimentzako Berehalako Harrera Zentroko (BHZ) langileek, Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen bulegoen aurrean. Zerbitzuaren gabeziak seinalatu dituzte, eta hitzemandako hobekuntzak aplikatzeko eskatu diote erakundeari. BHZn artatzen dituzten emakumeen eta haien familien babesgabetasuna eta ezinegona salatu dituzte.

Egun zortzi bizikidetza-unitate hartzeko gaitasuna du BHZk, hamasei pertsona gehienez. Baina eskaria askoz handiagoa da, 30 pertsonatik gora artatzen dituzte egunero, batez beste. 2024tik hona Gorka Urtaran Gizarte Politiketako diputatuak jada zortzi aldiz hitzeman du publikoki bigarren zentro bat zabalduko dutela, kalitatezko arreta bermatu ahal izateko, baina langileek salatu dute ez dela halakorik egin. 2021etik %282 hazi da artatutako pertsonen batez bestekoa, eta langileen esanetan "agerikoa da larrialdiko plazak ugaritu egin behar direla".

Gainezka egoten dira indarkeria matxistaren aurkako zerbitzuak, baina ez da inor kanpoan geratzen. BHZ larrialdiko zerbitzua denez, beharra duten emakume guztiak eta haien haurrak hartzen dituzte, baina maiz ostatu alternatiboetara bidaltzen dituzte, hotel eta antzekoetara, plaza ofizialetan lekurik ez dagoelako. Langileek salatu dute horrek babesgabe uzten dituela emakumeak, ez dutelako presentzia profesionalik bertan, eta esku-hartzeen kalitatea eta intentsitatea kaltetzen duela horrek.

Hala ere, azken pleguan ere ez da zentro berria osatzeko aurrekonturik sartu. Aldiz, ostatu alternatiboak ordaintzeko diru kopurua handitu dute. Abuztuan argitaratu zen plegu berria, eta langileek helegitea jarri zioten, ESK sindikatuarekin batera. Behin-behinean bertan behera utzia dago plegua, eta langileek eskatu dute erakundeek hitzemandakoa bete dezatela. Bigarren BHZ iraunkor bat zabaldu dezatela, ostatu alternatiboak ez daitezela izan egiturazko konponbidea, eta arreta integrala bermatzea artatu beharreko pertsonei, profesionalen presentziarekin eguneko 24 orduetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago