Udalaren komunikazio kudeaketak kritikak eragin ditu, larunbateko ur mozketaren ostean

Elkarrekin eta PP udal taldeek "mezu kontrajarriak eta komunikazio bideen gabezia" salatu dituzte.

Larunbatean Gasteizko San Kristobal auzoko hodi hausturak eragindako ur mozketak eta ondorengo gomendioek hautsak harrotu dituzte. Hornidura arazoaz gain, herritarrek gogor kritikatu dute udal gobernuak eta Amvisak krisian zehar informazioa zabaltzeko erabilitako bidea eta modua. Alderdi politikoek ere "gardentasun eta zorroztasun falta" salatu dute, prentsaurrekorik edo azalpen ofizialik gabe mezuak X eta Facebook sare sozialetara soilik mugatu baitziren.

Elkarrekin Podemosek nabarmendu duenez, udal gobernuaren komunikazio kudeaketa "argi eta garbi hobetzeko modukoa" izan da. Garbiñe Ruizen ustez, ez zuten behar bezala azaldu txosten sanitarioen emaitzen zain zeudela iturriko ura ez kontsumitzeko gomendioa eman zutenean, eta mezu kontrajarriak zabaldu ziren. "Hasieran edan zitekeela adierazi ostean, ordu batzuk beranduago, ura garden atera arren, ez kontsumitzea aholkatu zuten, eta horrek kezka eta ziurgabetasuna eragin zituen herritarrengan", salatu du.

Ildo beretik, Alderdi Popularreko Iñaki Garcia Calvok ere komunikazioaren gabezia azpimarratu du, eta bizilagun asko gomendioaz ez zirela jabetu nabarmendu du. PPren ustez, udalak ez zuen bermatu mezuak etxe guztietara iristea, eta mezu nahasiak helarazi zituen; izan ere, ura arriskutsua ez zela esan arren, ez edatea gomendatzen baitzuten. Garcia Calvok gaineratu du osasun segurtasuna jokoan dagoenean informazioak "berehalakoa eta orokorra" izan behar duela, eta ez soilik sare sozialak edo udal webgunea kontsultatzen dituztenengana mugatua.

Egoera horren aurrean, oposizioak eskatu dio udal gobernuari komunikazio bideak berrikustea eta hedapen kanalak zabaltzea, etorkizuneko gertakarietan gabezia horiek zuzentzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago